argia.eus
INPRIMATU
Nafarroak ez du hondakinik erraustuko, %65eko birziklapen maila helburu
  • Nafarroako Gobernuak 2017-2027 urteetarako plana onartu du. Horren arabera, gaikako bilketa hedatuko dute herrialde osora, 2027an hondakinak %12 murrizteko eta %65eko birziklapen mailara heltzeko asmoz. Horrez gain, ez dute zaborrik erraustuko, gaika jasotzen ez diren hondakinak ere tratatu nahi baitituzte zabortegira eraman aurretik.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko abenduaren 16a
Ekonomia zirkularra, prebentzioa eta birziklapena izango ditu ardatz Nafarroak Ekonomia zirkularra, prebentzioa eta birziklapena izango ditu ardatz Nafarroak

Isabel Elizalde Nafarroako Gobernuko Ingurumen kontseilaria eta Eva Garcia Ingurumen zuzendariak aurkeztu dute dokumentua. Azaldu dutenez, ekonomia zirkularraren alorrean erreferente bihurtu nahi dute Nafarroa, eta prebentzioari eta birziklatzeari emango diote indarra.  

Tratatu gabeko hondakin oro desagerrarazi nahi dute 2027 urterako. Elizaldek esan duenez, ingurumen inpaktua, kutsadura eta osasunerako arriskutsuak diren substantziak murriztea dute xede.

Hamar urteko planak 698.026.510 euroko aurrekontua izango du. Horren %82 funts publikoetatik hartuko dute, eta gainerako %18 ekarpen pribatuak izango dira. Dokumentua abenduaren 23an argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.  

Nafarroako Hondakinen Lege proposamena idazteari ekingo diote urtarrilean. Lege horrek hondakinen kudeaketa egokia eta horretarako beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak bermatu beharko dituela adierazi du Elizaldek. Zirriborroa aurkeztuko dute 2017ko udan, eta onartu aurretik publikoki zabalduko dute.

Gipuzkoako zaborra Tuterara

Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak eta Nafarroako Erriberako Hondakinen Mankomunitateak azaroaren 11n sinatu zutenaren arabera, urtean 70.000 tona zabor eraman ahal izango ditu Gipuzkoak Tuterarako El Culebrete tratamendu zentrora.  

Horren harira, Elizaldek adierazi du El Culebreteko instalazioek badutela Gipuzkoako zaborra tratatu ahal izateko nahikoa edukiera. Hala ere, Nafarroatik kanpoko hondakinak tratatzeko ardura mankomunitateena dela esan du, eta ez gobernuarena. Hortaz, Elizalderen iritziz mankomunitateari dagokio erabakitzea Gipuzkoako hondakinak tratatuko dituen ala ez.

Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailak Tuterako El Culebrete tratamendu zentroaren edukiera handitzeko proposamena bidali zion abenduaren 6an Erriberako Mankomunitateari. Horren arabera, urtean kudeatzen duten hondakin kopurua hirukoiztuko litzateke, 70.000 tonatik 200.000ra igaroz.

Compañía de las 3 Erres elkartearen esanetan, teknikoki ez da bideragarria El Culebreteko digestorearentzat hainbeste tona tratatzea, eta dagoeneko zentroan badira irregulartasunak horregatik. Nafarroako Hondakinen Kontsorzioak El Culebreten auditoria bat egitea eskatu zuen eta horren arabera ikusi zen biohondakinen %38,5 zuzenean botatzen zela zabortegira, digestoreak kopuru horiek hartzeko gaitasunik ez duelako.