“Tokian tokiko errealitatera” egokituko dute Nafarroak eta EAEk LOMCE legea. Martxan jartzeko datak “estuegiak” direla salatu dute bi autonomi erkidegoetako hezkuntza sailburuek.
EAEko Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek intsumisioa egitea “ezinezkoa” dela esan du. Jakinarazi du Espainiak dioena bete bai, baina EAEk “euskal hezkuntza sistema” mantenduko duela. Bide beretik jo du Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek; neurria “nafar erara” aplikatuko duela dio.
Aurreikusi bezala 2014-2015 ikasturtean indarrean jartzea “oso zaila” dela deritzote biek. Uriartek zehaztu du zergatik: “Hezkuntza Ministerioak ez du mugimendurik egiten”. “Etsigarria” da egoera, haren irudiko.
Bestalde, Iribasek curriculuma “gainkargatuta” dagoela salatu eta ezartzeko prozesua “malguagoa” izan beharko lukeela aldarrikatu du.
IA-ren mobiliazio deialdiak
Ikasle Abertzaleak antolakundeak mobilizazioak deitu ditu otsaila eta martxorako EAEko eta Nafarroako hezkuntza sailburek hezkuntza erreforma “zapaltzaile eta merkantilizatzaileari" ezetz esan dezaten exijitzeko. Tartean greba orokorra deitu dute martxoaren 27rako.