argia.eus
INPRIMATU
Nafarroak espetxeetako osasunaren eskumena izango du aurki
  • Nafarroako eta Espainiako gobernuek hala adostuta, Nafarroako espetxeetako osasunaren kudeaketa lurralde horretako gobernuaren kargu egotera pasako da; maiatzaren 24an sinatuko dute eskumenen transferentzia. EAEko espetxeei dagokienez, aldiz, Eusko Jaurlaritza horien kudeaketa osoaz arduratuko da urriaren 1etik aurrera; maiatzaren 10ean sinatuko dute eskumenen transferentzia Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak.

Amaia Lekunberri Ansola 2021eko apirilaren 21a
Salhaketaren mobilizazio bat Gasteizen, Zaballako espetxean jazotako heriotzetako bat salatzeko. Hainbat eragilek salatu ohi dutenez, espetxean jazotzen diren heriotzek lotura zuzenda daukate egiten den osasunaren kudeaketarekin (Argazkia: Hala Bedi)

Nafarroako espetxeetako osasuna bertako gobernuaren eskumena izatera pasako da, Nafarroako gobernuburu María Chivitek eta Espainiako Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministro Miquel Icetak asteartean Madrilen egindako bileran hala adostuta. Eskumenen transferentzia maiatzaren 24an sinatzekotan geratu dira, ordurako baitu egina hitzordua Nafarroaren eta Espainiako Estatuaren arteko batzordeak.

Gaur gaurkoz, espetxeetako osasunari dagokionez, 1986tik Espainiako Estatuan orokortua den eredua dauka indarrean Nafarroako Gobernuak: Espetxe Administrazioa arduratzen da lehen arretaz, eta Espainiako Osasun Sistema Nazionala artatze espezializatuez. Eredu horretan, lehen arreta Espainiako Espetxe Erakundeen idazkaritza nagusiaren esku geratzen da, eta horrek erraztu egiten du osasun irizpideen aurretik bestelakoak jartzea. Hala dela baieztatu izan du Jaiki Hadik, ARGIAren 2677. zenbakian argitaratutako Presoen osasuna, bazter utzitako eskubide hori erreportajean jaso genuenez: “Sendagileak espetxe funtzionario izateak espetxe arauak presoaren osasun beharraren gainetik ezartzea eragiten du behin baino gehiagotan”.

EAEn, espetxeen eskumen osoa tranferitzear

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako espetxeetan, preso daudenen osasunaren kudeaketak bestelako ereduari jarraitu dio 2011tik. Ordutik Osakidetzaren mende dago EAEko espetxeetako osasunaren kudeaketa.

Alabaina, osasun alorraz harago, espetxeen kudeaketaren eskumen osoa Eusko Jaurlaritzaren eskuetara pasako da aurki. Hala egitea adostu zuten iragan astean Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Eskumenen eskualdaketa jasoko duen akordioa maiatzaren 10ean sinatuko du Transferentzia Batzorde Mistoak, eta aldaketak urriaren 1ean pasako dira indarrean egotera.

Jaurlaritzak plazaratutako datuen arabera, aldaketa horrekin bere ardurapean egotera pasako dira 1.300 preso inguru eta ia 700 langile.