Nafarroako Gobernuak antolatutako ekitaldi irekia, asteazkenean 18:00etan hasiko da eta bukaeran bertso saio labur bat eskainiko dute museoaren atarian.
Kultur Intereseko Ondasunaren izendapenaren aurkezpenean izango dira Ana Herrera kultura, kirola eta gazteria kontseilaria, Julio Soto bertsolaria, Alfredo Asiain ikertzailea eta Gontzal Agote Nafarroako Bertsozale Elkarteko ordezkaria.
Nafarroako Gobernuak ekainaren 6an bertsolaritza kultura ondasun izendatu zuen, ondare immaterialen kategorian. “Transmisioa bermatuta dagoela dirudi, orain arte eskolen bitartez ezarri diren ekintzei esker eta hizkuntzaren bilakaerari nahiz gizartean duen erabilpen eta presentziari lotuta dago”, adierazi zuen Herrerak.
Nafarroan oso ondo gorde izan da bertsolaritza eta presentzia handiena Nafarroako iparraldean du, euskarak bizitasun handiena izan duen lekuan.
Ondare materiagabeen arloan, Nafarroak onartutako seigarren Kultur Intereseko Ondasun izendapena da bertsolaritzarena. Aurretik, Lantzeko inauteriek, Ituren eta Zubietako inauteriek, Hiru Behien Zergak, Luzaideko Bolantek eta Cortesko makil dantzak jaso izan dute herrialdean ondare materiagabeak izan dezakeen babes mailarik gorena.