argia.eus
INPRIMATU
Urtero 30-40 hies kasu berri antzematen dira Nafarroan
  • Kutsatze gutxiago egon ez dadin diagnostiko horiek lehenago egitea zein garrantzitsua den azpimarratu du Nafarroako Osasun zuzendari nagusiak. “Osasun-sistemara heltzeko zailtasun handiagoak dituztenengan” jarri du fokua aurtengo hiesaren Eguneko kanpainak.Nafarroak 2030rerako hies inzidentzia errotik kentzea espero du.

Julene Flamarique 2024ko abenduaren 05
Nafarroako Parlamentuaren ekitaldia Hiesaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira IƱaki Porto

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak urtero 30-40 hies kasu berri antzematen ditu, Antonio Lopez Osasun zuzendari nagusiak abenduaren 1ean, Hiesaren Nazioarteko Egunean, aurkeztutako datuen arabera.

Aurrerapen farmakologikoek gaixotasuna kronifikatzea ahalbidetzen duten arren, helburua kasu intzidenteak 2030 baino lehen desagerraraztea dela nabarmendu du Lopezek. Detekzio goiztiarraren garrantzia ere azpimarratu du, urteroko 30-40 kasuak diagnostiko berantiarrak direlako. “Nahiko genuke diagnostiko horiek goiztiarragoak izatea tratamenduari begira, prozesua egonkortzeari begira, horrek kutsatze gutxiago egotea eragingo bailuke", azaldu du.

Aurtengo Hiesaren Nazioarteko Egunaren kanpainak pertsona guztien eskubideen bermean jarri du fokua, bereziki kolektibo ahulenenak, hala nola etorkinak edo pertsona behartsuak, “osasun-sistemara iristeko zailtasun gehiago dituztenak". Kolektibo horiek euskarri sozial, politiko eta legegilea izan behar dutela azpimarratu du Lopezek, "guztion artean helburu hori lortu ahal izateko".

Gora egin dute sexu transmisiozko gaixotasunek

Zuzendariak gogorarazi du prebentzio neurriak lasaitzearen ondorioz sexu transmisiozko gaixotasunak ugaritzen ari direla Nafarroan ere.  

"Prozesuetarako erantzun terapeutikoa izateak ez du esan nahi sexu bidez transmititzen diren gaixotasunen prebentzioan enfasia jarri behar ez dugunik", esan du.