argia.eus
INPRIMATU
Nafarroak 1,3 milioi euro aurreztuko ditu espetxe osasun eskumenak eskuratuta
  • Espainiako Gobernuak Nafarroako Gobernuaren esku utziko ditu eskumenok eta, ondorioz, diru aurrezte garrantzitsua ekarriko dio Foru Ogasunari: 1,3 milioi euro.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko maiatzaren 31
Iruñeko espetxea airez ikusita.

Azken hogei urteetan Espainiako Gobernuaren eta Nafarroako Gobernuaren artean egingo den lehen eskumen eskualdatzea izango da eta, Diario de Noticias-en irakurri ahal izan dugunez, foru gobernuak 1,3 milioi euro aurreztuko ditu transferentzia bereganatuz. Orain arte, Nafarroako Gobernuak ordaintzen zuen Espainiako Gobernuak Espetxe Osasunean duen 131 milioi euroko aurrekontuaren %1,6, hau da, 2,1 milioi euro.

Osasun eskumenaren eskualdatzea abuztuaren 1ean sartuko da indarrean eta zerbitzuaren kostua 800.000 bat eurokoa da, horietako gehiena pertsonal gastua: 500.000 euro. Hiru mediku, hiru erizain, farmazialari bat eta bi erizaintzako laguntzaile ditu zerbitzuak. Pertsona hauek orain Foru Administrazioaren menpe geratuko dira. 2018an 200.000 eurokoak izan ziren ohiko gastuak eta inbertsioak. Sendagaiak eta tresneria medikua ere aurrekontuaren barruan sartzen dira.

Nafarroako Gobernuak ez du baztertzen inbertsio berriak egitea, orain arteko zerbitzua nahiko egoera eskasean dago eta. Seguruenik osasun zentroa eratuko da Iruñeko espetxearen barruan.