argia.eus
INPRIMATU
Nafarroa osoko sare publikoan ikasi ahal izango da D ereduan
  • Nafarroako eremu ez-euskalduneko ikastetxe publikoetan D eredua ezarri ahal izateko, Euskararen Legea aldatzeko proposamena aurkeztu dute PSNk, Geroa Baik eta Ezkerrak.

ARGIA @argia 2014ko urriaren 21
PSN, Geroa Bai eta Ezkerrako ordezkariak, Nafarroako Parlamentuan. (Argazkia: Geroa Bai)

Aralar-NaBai eta EH Bilduk ere legez besteko proposamenaren alde bozkatuko dute. Ondo beharrez, legea aldatzeko proposamena hilabete eta erdi barru bozkatuko da Nafarroako Parlamentuan, Erabili.com-ek nabarmendu duenez.

Hura sustatu duten alderdien hitzetan, aurrerapauso garrantzitsua da. "Aldaketa historikoa", Ezkerrako bozeramaile Jose Miguel Nuinek dioenez.

Gutxieneko ikasle kopurua zehaztea, Gobernuaren esku

D eredua ezartzeko gutxieneko ikasle kopurua zein izan beharko litzatekeen ez dute zehaztu proposamena aurkeztu duten alderdiek. "Ez dugu zenbakirik ezarri, oso zaila delako hori zehaztea; eremuaren araberakoa izango da, ziurrenik", azaldu du PSNko bozeramaile Pablo Rasconek, Lohizune Amatria kazetariak Berrian jaso duenez.

"Araubidearen garapenean erabakiko da zenbatean jarri gutxienekoa", Rasconek dioenez. Hortaz, Nafarroako Gobernuaren esku egongo da gutxieneko kopurua zehaztea.

Informazio gehiago:

Geroa Bairen webgunean eta Ezkerrarenean gaiari buruzko argibide gehiago.