argia.eus
INPRIMATU
Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna bermatzeko lege aldaketak egitea eskatu die Kontseiluak alderdiei
  • Euskal Herri osoan euskara eta hiztun komunitatea larrialdi egoeran daudela berretsi zuen azaroan Kontseiluak eta, ostegun honetan, egoera hori Nafarroan zertan datzan azaldu du Iruñean. Era berean, herrialdean ataka horretatik ateratzeko egin beharrekoak azpimarratu ditu.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko abenduaren 13a
Josu Reparaz eta Idurre Eskisabel mintzatu ziren Kontseiluaren izenean. Kontseilua

Euskararen normalizazioa berriro noranzko egokian jarriko duen akordio sozio-politikoaren beharraz mintzo dira Kontseiluko ordezkariak, eta adierazi dute 2025a urte garrantzitsua izango dela euskararentzat eta euskal hiztun komunitatearentzat. Halaber, 2025eko abendurako mobilizazio sozial handi bat iragarri dute.

Nafarroako Ikastolen Elkartea, AEK, Euskaltzaleen Topagunea, IKA, Sortzen, Errigora, Emun, UEU, Euskal Herrian Euskaraz eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia izan dira agerraldian, eta haien izenean hitz egin dute Idurre Eskisabel Kontseiluko zuzendari nagusiak eta Nafarroako Ikastolen elkarteko zuzendari Josu Reparazek.

Alderdiei eskaera Euskararen Legea aldatzeko

Duela 38 urte onartu zen Euskararen Foru Legea, 1986ko abenduaren 15ean, eta urteurren horren bezperetan egin dute agerraldia. Nafarroan euskarak aurrerapausoak eman dituela aitortu dute, baina lege horren garaian ziren inertzietako batzuk oraindik indarrean ikusten dituzte eta horiek gainditzea ezinbestekotzat jo dute.

Gabezia garrantzitsuenen artean honakoak zehaztu dituzte: “Nafarroan ofizialak eta berezkoak ez diren hizkuntzen ezagutza baloratzen jarraitzen da, eta euskara laugarren mailako hizkuntza bihurtzen dute; euskarazko ereduan matrikulatzeko zailtasunek jarraitzen dute; funtzionario elebidunak legez diskriminatzen dira euskara jakiteagatik; edozein erabaki hartzean herritarren arteko kohesioari eragingo liokeen onurari baino, kontrakoen balizko oldarraldiari begiratzen zaio gehiegitan”.

Harrigarritzat jo dute, euskaldunak zokoratzeko eta herritarren arteko bereizkeria are handiagoa sortzeko garai hartan abian jarri zituzten hainbat neurri baliogabetu ez izana. Egoera hori gainditzeko, “alderdiei orain dagokie esatea zein puntutaraino apurtu nahi duten euskaldunak diskriminatzeko abian jarri ziren inertziekin”.

Aldaketarako dekalogoa

1. Arkitektura juridikoa aldatzea. Euskarak Lege berri bat behar beharrezkoa du, nafar guztion hizkuntza-eskubideak bermatuko dituena, zonifikazioa gaindituko duena, eta Nafarroa osora ofizialtasuna hedatuko duena.

2. Administrazioa euskaldundu behar da. Egungo merezimendu dekretua bertan behera utzi eta herritarrei harremana euskaraz bermatuko dien araudi berri bat egin behar da.

3. Euskararen aurrekontua handitu behar da. Aurrekontu osoaren % 2 izanen da gutxienez. Honekin batera, hizkuntza-politika gobernuaren politiken zehar-lerro bihurtuko da.

4. Hezkuntza-sistemak belaunaldi berriak euskalduntzeko sistema abian jarri behar da.

5. Helduen euskalduntzearen sektorea egonkortu eta indartu behar da.

6. Arlo-sozioekonomikoa euskalduntzeko neurriak behar dira.

7. Euskarazko hedabideak babestu behar dira.

8. Aisialdiaren euskalduntzea sustatu behar da.

9. Arnasguneak babestu behar dira.

10. Erabilera soziala eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko ekimenak sustatu behar dira.