“Nafarroa oroz gainetik nafarrena da”

  • Miren Aldaz Agirre Iruñean jaio zen 1981ko abenduaren 19an. Herritar xumea da, politikaz biziki interesatua. Espainiako Gorteetako hauteskundeen kanpainan buru-belarri ari da uneon. NaBaiko kide independentea da 2004tik, eta irailaz geroztik Geroa Baikoa ere; Zabaltzeneko independentea. Iruñeko Carrefour saltokian lan egiten du goizetan, eta gainerako orduak politikan egiten ditu, NaBain nahiz Geroa Bain koalizioen ildoan.


2011ko azaroaren 11n - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12
Miren Aldaz Iruñeko udaletxearen aurrean. Mikel Asurmendi
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Iruñean bildu eta solasean hasi orduko, NaBairen bilakaera eta Geroa Bairen izaera azaldu dizkigu:

“Iaz, hasteko, Batzarrek NaBai utzi zuen txantajeren bat edo beste tarteko, eta bazterrak ondo nahasi ondoren. Haiek joan ziren, haiek nahi zutelako. Urte hasiera honetan berriz, gorabehera asko jasan ondoren, EAk alde egin zuen. Hauek baina, NaBairen izena eurentzat nahi zuten, hara.

Laburzurrean, Bildu NaBai puskatzen saiatu zen, EA jada bere barruan zegoela. EAk EAJri eta Aralarri amua bota zien, baina hauek ez zuten kosk egin. Uda ondoren, berriz ere, Bilduk berriz amua bota zuen. EAJk ez zuen kosk egin, baina Aralarreko parte batek bai. Antza denez, parte horrek lortu du Bildukoekin bat egitea eta Amaiur [Ezker abertzalea, Aralar, EA eta Alternatiba] sortu dute. Dena den, Amaiur izena ere ez da eurena, herriarena da”.

Gauzak horrela, ororen buru, NaBai ez da aurkeztu hauteskunde hauetan. Nafarroako abertzaleak, Amaiurren izenean batetik, eta bestetik, Geroa Bain aurkezten dira. EAJk, Atarrabia taldeak, eta Zabaltzeneko independenteek osatua da Geroa Bai: “Geroa Bai NaBai 2011 da, baina Aralarrik gabe”, zehaztu digu Miren Aldazek.

Honela mintzatu zaigu segituan:

“Nik politika odolean daramat, gorputzez eta arimaz bizi dut, egunero. Ez soilik orain, hauteskundeetako kanpainan, azaroaren 20an botoa eman behar delako. Politika garbi baten aldekoa naiz, hasteko eta behin, nafar guztiek lekua izan dezaten. Hori da NaBaik aldarrikatu duena bere sorreratik”.

Nafarroaz hartu dugu hizpide segidan: “Nafarroa, niretzat, besteak beste, gaztelar eta espainiar zaleek kendu nahi ziguten Nafarroa da, eta gaur egun ere kendu nahi digutena. UPNk, PPk eta PSN edota lehenago ere CDNk kendu nahi digutena. Baina, Nafarroa nafarrena da oroz gainetik”.

Nafarroa honela ikusten du Aldazek: “Antzinako erresumaren inguruan, egungo EAE-Euskadi deitua orain–, Errioxa eta Aragoiko lurraldeak zeuden, baita gaur egun Iparraldea deitzen duguna ere. Hau da, Euskal Herria bazegoen eta badago. Baina, adibidez, ez dezala inork pentsa Nafarroa EAEn sartzerik. Nahi badute haiek sar daitezen Nafarroan.

Nafarroak bere buruaren jabe izan behar du, ez gaztelarrena ez espainiarrena, ez beste euskaldunena ere. Hori bai, lurralde euskaldunek Euskal Herria osa dezakegu. Errespetuz. Noski, ez dugu seigarren Merindadea ahazten, Nafarroa Beherea. Hura Frantzia dela? Zergatik? Gurea da”.

Kanpainan ari da Miren Aldaz, Geroa Bairen barruan: “Uxue Barkos da gure erreferentzia, Espainiako Diputatuen Kongresuan Nafarroa izan baitu beti presente. Bera da aukera onena. NaBai gabe ere, Uxue Barkos hautatua izatea itxaroten dugu. Amaiurren hautagaia aukeratua izango dela diote batzuek, baina NaBaiko boto-emaileek ez dute erraz ahaztuko NaBai hauteskunde hauetan ez egotea, Amaiur izan baita NaBaiko haustura eragin duena. Kanpaina borrokatua da beraz”.

Uxue Barkos Geroa Baiko zerrendaburu izatea suerte handia dela diosku gure solaskideak. Berarentzat Uxue Barkos politikari handia izateaz gain, bere senitartekoa da. “Familiako kide ona”, berak dioenez. Bere aitaren lehengusu propioa.

Miren Aldaz Agirre Berruezo Elsok politika odolean daramala esan dugu arestian: “Uxue Barkos Berruezo da ezagunena, nire lehengusina, baina Manuel Irujo Ollo ere nire arbasoa da. Sabino Aranaren ondoren EAJ Nafarroan sortu zuena. Erreferente politiko ezaguna, baita haren iloba Mikel Irujo eurodiputatua. Irujotarrak Lizarrakoak dira, baina Tafallatik joandakoak. Nire aitaren aldetiko senitartea da, aita Tafallakoa da 'amiña'-ren aldetik”. Amiña erabiltzen du Mirenek amona edo amama esateko.

“Nire amiña Berruezo Zufiaurre zen: Aitaren osaba, Tafallako alkate izan zen, Alicio Zufiaurre. Bestalde, garaikoetxetarrak ere, Carlos Garaikoetxea lehendakaria eta haren semea, Carlos hau ere, senitartekoak dira. Ez senide zuzenak, baina senitartekoak finean: Carlos Garaikoetxea Mina, Uxuen ahizpa Mariarekin ezkondua baita”.

Amaren aldetik ere badira politikan arituak: Txomin Agirre Sakanako Ergoienako alkate izan zen, Lizarragakoa.

Miren Aldazek historia hagitz gustuko du, Iruñekoa eta Nafarroako oroz gain.

Iruñeaz errana: “Batasunaren pribilegioa baino zerbait gehiago da Iruñea. Iruñea hiru burgo ziren: San Cernin, Nabarreria eta San Nikolas hiria. Gero, hiria zabaltzen joan zen. Izan ere, jatorrian euskaraz mintzo zen jendea Iruñean. Herria zen. Erromatarrak iritsi ziren, eta Iruñea egonkortu egin zen. Hiria eraikitzen joan zen Katedralaren inguruan. Hori da Iruñeko oinarria, gero garatzen joan zena”.

Nafarroaz: “Nafarroa ezagutzeko bere jatorrira joan behar da. Ez da bakarrik 1512az geroztiko Nafarroa aintzat hartu behar, konkistatu izan ondorengoa, UPNk, PPk eta PSNk nahi duten Nafarroa”.

Mirenek Iruñea hiriko harresiak ondo baino hobeto ezagutzen ditu, baita haren inguruan garatutako historia. Hantxe ibili gara paseoan. Hiri gotortua izan dela dio. Historiaren bilakabidean, zoritxarrez, odolez zipriztindua. 1936ko gerran frankistek isurarazia oraindik ere sentitzen dela dio: “Baita, poliziak hil zuen German Rodriguezena ere. Edota ETArena”.

ETAri buruz: “Ez daukat iritzi onik, denok dakigu zer egin duen: jendea bahitu eta hil, estortsioak egin... Begira, ni modu batez biktima izan nintzen, 1998an, ETAk Tomas Caballero hil zuen, UPNko zinegotzia zen. Plaza de la Cruz institutuan ari nintzen ikasten, bere alabak Ana Caballerok soinketa ematen zigun. Kirola egiten ari ginen, Larrabiden, eta geunden tokitik hurbil hil zuten gizon hura. Tiro bat entzun genuen. Alabari gertatua esan zioten berehala. Hiru egun oso gogorrak izan ziren. Nik oso gaizki pasa nuen”.

Hainbat politikari ezagutzen du Mirenek, hurbiletik ezagutu ere, baita alderdiak eta koalizioak ere. Erran dugun bezala, Miren Aldaz oinezko herritarra eta hiritarra baita:

Yolanda Barcina: “Espainolista da erabat. Ez ditu onartzen Iruñea eta Nafarroa. Lortu nahi zuen tokira iritsi da, Nafarroako presidentea izatera. Baina benetako helburua Nafarroa Espainian izatea da. Orain gutxi, [Okzitaniako Tolosan gertatua] tartak bota dizkiote aurpegira, eta hori egin dutena ETAkoak direla esan du. Horrela nahasten du Nafarroa. Baina Nafarroa hori baino gehiago da. Guk bera ondo ezagutzen dugu”.

Enrique Maya: “Doi-doi ezagutzen dut, ez da inongo alderdiko kide kualifikatua izan. Civibox delako ekimena kudeatu zuen, baina oso gaizki. NaBaik bere kudeaketa kritikatu du guztiz. Ez da ezein alderdikoa, baina Barcinak Iruñeko alkatea izateko aukera eman zion eta probestu du”.

Carlos Garaikoetxea: “Ona. Abokatua. Egin zuen bere lana lehendakari bezala. Baina orain ahaztuta dago. EAJ hartatik EA sortu zuen, baina...”.

Patxi Zabaleta: “Patxi ere abokatua da, eta idazlea, askorako ematen du eta luze mintza daiteke berari buruz. Politikan bere ibilbidea ulertzen dut, HBkoa izan zen, gero Aralarrekoa. Meritu handia du, ongi aritu da 2003tik orain gutxira arte, baina Amaiurrera joan denean min egin digu. NaBai 2011n dago halere”.

Txentxo Jimenez: “Hau ere Amaiurren dago orain. Amaiur bere intereserako erabili du. Harriak bota ditu eta eskuak ondo gorde”.

Maiorga Ramirez: EAkoa. Tafallako zinegotzia. EAn agintzen du Nafarroan. NaBain parte hartu duela ahaztu du oso erraz. NaBai bereganatzeko Aralarrekin gogor borrokatu zuen, eta gero plis-plas batean Bildura joan zen lehenik eta Amaiurren dago orain. Nik harreman ona izan dut berarekin, Patxi Zabaletarekin bezala, baina denborak NaBaiko independenteei arrazoia eman digu. Gu gara NaBaiko oinarria”.

Zabaltzeneko independenteak (Jose Lusi Mendoza, Koldo Martinez, Bixente Serrano Izko, Uxue Barkos...): “...eta zerbitzari hau. Jende ona gara. Nafarroa historikoaren eta euskaldunaren aldeko independenteak”.

EAJ: “Jendeak dio EAEkoa dela, baina Nafarroakoa ere bada, bistan da. PNV eusko alderdi nazionalista da, beste alderdi bat da, ez gehiago ez gutxiago. Sabino Aranak eratua, ikurrina asmatu zuena, EAEko ikurrina eta Iparraldekoa dena, baita Nafarroakoa ere. EAJ transzendentzia handikoa da, borrokalariak, langileak, eskuinekoak direla diote haren aurka daudenek, baina ez dira eskuindarrak. Jose Angel Agirrebengoa da buruzagia orain, Sabino Arana eta Manule Irujorena segida”.

Batzarre: “Joseba Ezioloza, Txema Mauleon, Milagros Rubio... Batzarrekoek arazo potoloa daukate: ez dakite zein den beren tokia. Eta horregatik, orain IUNrekin joan dira, koalizioan. Ezkerra delakoa osatu dute. Joan ziren eta hobe”.

Batasuna: “Erabiltzen duten izena erabilita ere ondo ezagutzen ditugu: Euskal Herria eraiki nahi dutela diote, baina Nafarroa haiek nahi duten tokira eramateko. Ez dute jakin ETA talde terroristatik aldentzen. Orain, ETAk behin betiko jarduera utzi ondoren, urak beren bidera etorriz gero, gauzak ondo egiten badituzte, lekua izango dute politikan berriz ere. Izan ere, ni ez naiz ados Batasuna legez kanpo uztearekin. Aurreko hauteskundeetan legalak izan ziren, Bilduren barruan. Baina, ez dakit ziur dakiten zer nahi duten”.

PSN: “Politika hitza oso gaizki erabilia da Espainiako Estatuan. Eta okerren erabiltzen duena PSOE da. Eta Nafarroan PSNk darabil gaizkien. Ez du-eta hitza betetzen”.

Mikel Asurmendi


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroaren Konkista
2023-12-13 | Axier Lopez
Gipuzkoa konkistatu zuen Gaztelako erregearen omenezko kaleari izena aldatu dio Arrasateko Udalak herritarren eskariz

Gipuzkoa Nafarroako Erresumatik aterarazi eta Gaztelarentzat konkistatu zuen Alfonso VIII. erregearen omenezko kaleari izena aldatuko diote. Horren partez, “17 emakume" deituko da kale hori, frankismoaren lege matxisten aurka borroka egin zuten herriko emakume batzuen... [+]


2023-09-12 | Euskal Irratiak
Nafarroa bizi dela aldarrikatu dute Donapaleun

Memoria eta aldarrikapen eguna izan da larunbatean Amikuzeko hiriburuan. "Sekulan baino gehiago, gure izanetik aurkitu indarraz, bihar gu girena hazi", izan dira Zabalik elkarteko presidentearen hitzak, Nafarroa Bizirik eguneko ekitaldi ofizialean.


Duela 500 urte Nafarroako Estatu Nagusiak bildu zirela oroituko dute Donapaleun

Larunbat honetan egun osoko egitaraua antolatu dute Zabalik elkarteak, Nabarraldek eta Hernani Errotzenek, gogorarazteko 1523an Nafarroako Erresumak Donapaleun ezarri zuela hiriburua eta bere egiturak mantendu zituela.


Nafarroako Estatu Nagusiak Donapaleun
500 urteren ondoren, oroimena eta hizkuntza bizirik

1523ko abuztuaren 18an, Henrike II.a Nafarroako erregeak Estatu Nagusiak deitu zituen Donapaleun. Gaztelaren eraso eta konkistaren ondoren, Nafarroa Behereko lurraldera mugaturik geratu zen erresumak bere egiturak bizirik mantentzeko azken saiakera izan zen hura. 500 urte... [+]


2022-12-05 | Ahotsa.info
Aranzadi elkartea eta SF78Gogoan ekimena omendu eta Maya alkatea gaitzetsi ditu Orreaga elkarteak Nafarroaren Egunean

Historian Euskal Herriaren alde bizitza eman duten pertsona guztiei omenaldia eta lore-eskaintza eskaini die Orreaga elkarteak Nafarroaren Egunean Iruñean egindako ekitaldian.


Peio Berterretxe, taula zuzendaria
“‘Antso Azkarra edo Miramamolinen esmeralda’ gaurko gobernatzaileen kritika da, edo bederen trufa”

Larunbat honetan dute Antso Azkarra eta Miramamolinen esmeralda antzerkiaren azken emanaldia Hazparnen. Makear gazteek taularatzen dute Antton Luku antzerkigileak 1997an idatzitako obra. Urte horretan Donostia Hiria Literatur Saria irabazi zuen; 25 urte geroago publikoaren... [+]


2022-07-18 | Ahotsa.info
Amaiurko gazteluaren erresistentziaren 500. urteurrena gogoan izan dute

Amaiurko gazteluaren erresistentziaren eta suntsiketaren 500. urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia ospatu da larunbatean, Amaiurko Gaztelu Elkarteak eta Amaiurko herriak antolaturik eta hainbat instituzioen ordezkarien presentziarekin.


Irungo alardea eta Braveheart nafarra

Zigarro mentolatuak, Dire Straits taldea eta “dabuten” esaten zuen jendea iraganeko kontuak dira. Inork aldarrikatzen ez duen iragan batekoak. Bazkari familiar batean zure osaba inoiz martxosoak ekarriko ditu gogora eta horri esker jakingo duzu existitu zirela. Are,... [+]


Amaiur, sinbolo baten birsorkuntza

1522ko uztailaren 19an Amaiurko gaztelua bereganatu zuen espainiar gudarosteak, euren erreinuaren defentsan erresistitu nahi izan zuten nafar gerlariak garaituta. Ez zen izan Nafarroako konkistaren borrokaldi funtsezkoena, bai seguruenik sinbolikoena. Historiak isilarazita egon... [+]


2022-06-10
Amaiurtarra

Aise adituko diezue adin bateko espainolei, zerbaiten larritasuna gutxietsi edo apaletsi nahi dutelarik: “Kuban gehiago galdu zen”, harako 1898 hartako inperio kolonialaren hondarren galera gogoan. Hungariarrek ere, gisako esamoldea omen dute, adiera berberarekin... [+]


Eguneraketa berriak daude