Etxarri Aranatzeko Andra Mari Ikastolak aurkeztu du asteartean “Nafarroa osoan bai!” kantua, San Ferminetarako prestatu duten Oinez Txokoarekin batera. Joseba Tapiak konposatu du musika, eta Maddalen Arzallusek egin du letra.
Andra Mari Ikastolako zuzendari pegagokikoak, Iñigo Orellak, kantak Nafarroan ikusten den euskararen zonifikazioa salatzen duela esan du aurkezpenean. “Nafarra osoan bai!” dio kantak, herri guztietarako ofizialtasuna eskatuz. Gainera, Oinez Txokoa programaren xehetasunak ere aurkeztu dituzte: Iruñean San Ferminetarako prestatu dituzten kontzertu eta ekintzak.
Joseba Tapia trikitilariak konposatu du musika eta Maddalen Arzallus bertsolariak egin du letra, nahiz eta bien arteko lana izan den. Beste hainbat musikarirekin ibili dira. Kantan: Nafarroako Olaia Inziarte, Nerea Erbiti eta Maider Ansa; Gipuzkoatik, Leire Letu eta Kristina Aranzabe. Musika-tresnekin: Jon Celestino tronpetarekin; Amets Aznarez, Eneko Urrestarazu eta Arkaitz Nagore tronboiekin; Ibon Irixoa saxofoiarekin; Iker Uriarte bateriarekin; Xanti Etxeberriak baxua eta soinu eta perkusio teknikari gisa Peio Skalari. Arbizuko Studio Bat!-ean grabatu zuten.
Aguraingo Dronetikan Airworks-ek egin du bideoklipa, Sakanako hainbat irudirekin. Ikastola Etxarri Aranatzen dago, baina ikasleak hainbat herritatik joaten dira eta beraz beste toki batzuetan ere grabatu dute, Arbizun, Arruazan edo Lizarragabengoan, adibidez.