argia.eus
INPRIMATU
Nafarroa Oinez arrakastatsuaren ondoren, lekukoa Zangozatik Baztanera
  • Eguraldia lagun, milaka pertsona bildu ziren igandean Zangozan bertako ikastolari babesa emateko  'Esan, izan, gozan' lelopean.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur 2014ko urriaren 20a
Jende andana Nafarroa Oinezen, Zangozako Ikastolaren aldeko festan. (Argazkia: nafarroaoinez.net)

10:00etan egin zuten hasiera ekitaldia, eta besteak beste, Pello Irujo Nafarroako Ikastolen Elkarteko presidenteak hartu zuen hitza. Aldarrikapen garbi batekin eman zion hasiera egunari: LOMCE legea eta hezkuntzan egiten ari diren "joko partidistak” salatu zituen.

2015ean Nafarroa Oinez antolatzeko lekukoa pasa dio Zangozak Baztango Ikastolari. Baztandarrek pozik eta gogotsu hartu dute ardura eta zangozarrek bezain ondo egitea espero dutela esan zuten Elena Zabaleta Baztango Ikastolako lehendakariak eta Josune Ortega zuzendariak eguerdiko ekitaldian.

Festa lau gunetan banatu zen. Lehenengoa helduentzat prestatu zuten: herri kirolak, musika eta dantza emanaldiekin. Bigarren eta hirugarren guneetan musika izan zen nagusi. Besteak beste, honako talde hauek jo zuten: Gose, Glaukoma, The Soulbreaker Company, Willis Drummond, Leihotikan, Arkada Social, Los Zopilotes Txirriaos eta Esne Beltza. Laugarren guneak berriz, familian gozatzeko aukera eskaini zuen.

LOMCE forma hartzen ari da Berriozarren

Sortzen elkarteak salatu duenez (PDF), Berriozarreko eskolan LOMCEk behartzen dituen hirugarren mailako proba pilotuak egiten hasi dira. Sortzenek aurka dagoela adierazi eta legearen aplikazioa “ezkutuan” egiten ari direla salatu du.

LOMCEk ezartzen dituen proba horien emaitzak publikoak izango direla gogorarazi eta horrek ikastetxeen arteko “rankinga” sortuko lukeela uste du Sortzenek. Gaineratu du testuinguru hurbiletik kanpo egiten diren probek ez dutela “lekuko errealitatea” kontuan hartzen: “Ebaluazio proba hauek curriculumaren kontrolerako beste tresna bat besterik ez dira”.

Ikasturtearen hasierari “modurik egokienean” erantzuteko ondorengoa proposatzen dute:  informazioa bildu, heltzen den agindu bakoitzaren aurrean langile eta eskola komunitatean aurre egiteko moduak bilatu eta LOMCEren kontrako jarrera mantendu.