argia.eus
INPRIMATU
Nafarroa “Euskal Y”-arekin lotzeko Gasteiz hautatu du Espainiako Gobernuak
  • Iñigo de la Serna Espainiako Gobernuko ministroak Iruñeko Espainiako Gobernuko Ordezkaritzan aurkeztu du Nafarroako AHT eta Euskal Y-aren arteko lotura: espero zen bezala, Gasteiz izango da. Ministroak azaldu duenez merkeagoa da eta ingurumenarekiko eragina txikiagoa.

Xabier Letona Biteri @xletona 2018ko urtarrilaren 09a
De la Serna ministroari AHTko proiektuarekiko desadostasuna erakutsi dio bilkura batek Iruñeko Merindadeen plazan. (Arg.: X. Letona)

Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuko lehendakariordea eta Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburua ere izan dira ekitaldian, Nafarroako PP, UPN eta PSNrekin batera. EH Bildu, Ahal Dugu eta I-E kanpoan egon dira Tren Sozialaren aldeko Plataformak deitutako protesta bilkuran, Merindadeen Plazan. Operazio guztiak badu zer nabarmendurik:

Gasteizko lotura. Nafarroako Erriberatik dator lehenik tren lasterra eta gero Iruñetik Altsasura doa.  Hortik bi aukera zituen: Gasteiz edo Ezkio. Kilometrotan Ezkiotik 55 km (30 km tunelak) lirateke eta 80 km Gasteiztik (6 km tunelak), 25 gehiago. Dirutan Ezkiokoak 1.671 milioi euro balioko luke eta Gasteizkoak 719 milioi euro, 1.000 milioi euro gehiago. Beti ere Alicante-Murtziako AHT egin zenean  gertatukoa ez balitz, non proiektua %600 garestitu zen hasierako aurrekontutik. Eusko Jaurlaritzak beti hobetsi izan du Ezkiokoa.

Garraioa. Pertsonentzat eta garraioarentzat aurreikusitako zatia litzateke hau, baina egia esan ez da Estatu osoan garraiorako erabiltzen den tren lasterrik. Joan den abenduaren 28an, De la Serna ministroak berak aurkeztu zuen Burgosen hiri hau eta Gasteizkoaren arteko lotura. Bertan iragarri zuen zati horretan AHTk ez duela merkantziarik eramango.

Non egin da bilkura? Azken hamarkadetan gisa honetako bilkurak Nafarroako Gobernuan egin ohi dira, baina gaur Espainiako Gobernuak garbi utzi nahi izan du proiektua oso osorik dela berea, berak egingo duela nahi duen gisan eta, beraz, bere egoitzan bilduko dituela autonomietako ordezkariak. Espainiako Gobernuak joan den irailean apurtu zuen Nafarroako Gobernuarekin AHTren proiektuari buruzko hitzarmena eta gaur ondo irudikatu du apurketa.

Sustrai Erakuntzaren helegitea.  Espainiako Gobernuaren aurrean jarri du helegite hau Sustrai Erakuntza elkarteak, bi arrazoietan oinarrituta. Bat, “plataforma berriaren oinarrizko proiektua” ez dela argitaratu ez Espainiako ez Nafarroko buletinetan, eta horrekin informazioa ukatzen zaiela lur desjabetuei, eta beraz defentsarako eskubidea kaltetu. Bi, Irekitako desjabetze espedientean ez dagoela inongo diru-partidarik lurren balio justua bermatzeko, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluak dioen gisan.

Iñigo de la Serna ministroa Iruñeko Espainiako Gobernu Ordezkaritzako ekitaldian. (Arg.: @MartxeloDiaz)