argia.eus
INPRIMATU
Nafarroa erdialdeko poligono eolikoen proiektuan gobernuaren eta enpresaren arteko “trikimailuak” salatu dituzte
  • Eguzki elkarte ekologistako kideek adierazi dute “erabat zaharkituta” dagoela proiektuaren ingurumen azterketa, 2012an aurkeztu zelako. Gaineratu dute Nafarroako Gobernuak “modu irregularrean” eman dituela proiektuaren luzapenak.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko azaroaren 24a
Argazkia: Wikimedia Commons

Larragan, Berbintzanan eta Miranda de Ebron poligono eolikoak ezartzeko proiektua dela eta, Eguzki erakunde ekologistak salatu egin du Nafarroako Gobernuaren eta Agrowind Navarra 2013 SL enpresaren arteko jarduna. 2012an aurkeztu zuen Agrowindek proiektua, eta orain, hamaika urte pasata, eraikitzeko asmotan daude. Eguzkiko kideek adierazi dute “guztiz eskandalagarria” dela ingurumen azterketa “erabat zaharkitua” duen eta “egungo errealitatearekin bat ez datorren” proiektu bat mantentzea.

Sustrai Erakuntzaren Fundazioak adierazi du alegazioak aurkeztuko dituela: “Beste behin ere, Nafarroako Gobernuak enpresen onura pribatua gizartearen interesen aurretik jarri du”. Fundazioko kideek adierazi dute “onartezina” dela enpresa-taldeari eskainitako luzapena, baita proiektuaren “ingurumen-inpaktuak ebaluatzen dituzten tresnen erabilera” ere.

“Trikimailuz” jositako proiektua

Proiektua 2012an jaio zen, eta kalteturiko udalei aurkeztu ondoren 2016an jendaurrean ipini zen. Eguzki erakundeak argudiatzen du data hartakoak direla ahalmen eolikoari, ingurune fisikoari eta ingurumen inpaktuari buruz egindako analisiak: “Garai hartatik gaurdaino, energia berriztagarrien poligonoen ‘boom’ handi bat gertatu da, proiektu honek kalteturiko eremuak barne”.

2018an Nafarroako Gobernuak onartu zuen proiektuaren Udalaz Gaindiko Plan Sektoriala (PSIS), baina ez zioten eraikuntzari ekin, Eguzkiko kideen hitzetan, “enpresak horretarako gaitasunik” ez zutelako: “Enpresa 2013an sortu zen 4.000 euroko kapital sozial urriarekin, baina hori bai, egoitza sozial handi baten itxura eginez”.

Hala ere, adierazi dute Nafarroako Gobernuak “modu artifizialean” eta “erabat modu irregularrean” luzatu zuela PSISaren iraupena: “2021ean, proiektua onartu zenetik 3 urte baino gehiago igaro zirenean enpresak obrarik egin gabe, eta, beraz, iraungitzat jo behar zenean, Gobernuak, ustekabean, beste 5 urtez luzatu zuela adierazi zuen”.

Eguzkiko kideek azpimarratu dute epe luzapenak mesede egin ziola enpresari, eta balio izan ziola proiektua aurrera eramateko gaitasuna zuen beste enpresa bati saltzeko. Eta hala egin zuten: 2022an Agrowindek enpresa eta poligono eoliko guztiak Saudi Arabiako Alfanar taldeari saldu zizkion. Gaur egun, proiektua jendaurrean dago aldaketa berri batekin.