argia.eus
INPRIMATU
Nafarroa erdialdean sei parke eoliko egiteko proiektuari alegazioak aurkeztu dizkiote
  • Nafarroako erdialdean Agrowind SL enpresak egin nahi dituen sei haize-parkeko proiektuaren aurka azaldu dira Tafalla eta Larragako udalak, Sustrai Erakuntza fundazioa, eta parkeok egin nahi dituzten inguruetako hamaika elkarte eta 200 inguru banako. Adierazi dutenez, instalazio horiek egiteak ez du justifikaziorik energia-beharrizanen ikuspuntutik, eta gainera honezkero haize-generadore kopuru handiak faunan eta paisaian arazoak sortzen dituen inguru batean jarri nahi dituzte.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko apirilaren 04a
Honezkero zentral eoliko ugari dagoen eremuan egingo lirateke sei parkeak.

Sustrai Erakuntzako Martin Zelaiak bere taldeak egindako alegazio osoaren laburpena azaldu du hedabideen aurrean, Tafallan egindako prentsaurrekoan. Haren esanetan, ez du zentzurik haize-zentral berriak eraikitzeak dagoeneko existitzen direnak errendimendua hobetzeko inolako urratsik eman gabe, “II Energia Planak ezarri zuen bezala”.

Gobernuak iragarri du indarrean dagoen III Energia Plana berraztertu eta berria idatziko duela. Sustrai Erakuntzaren ustez, Agrowinden egitasmoa eten egin beharko litzateke gutxienez plan berriaren azterketa amaitu arte.

Nafarroa, elektrizitate esportatzaile

“Energia premiak ez du justifikatzen parkeok egiteko beharra”, esan du Martin Zelaiak; “III Energia Planak aitortzen duenez, Nafarroa energia elektrikoa esportatzen ari da”. Hartara, aurreikusitako haize-zentralen helburua energia beste lurralde batzuei saltzea litzateke, besteak beste Deikaztelu-Itsaso goi tentsioko linearen bitartez garraiatuz.

Agrowinden proiektuari alegazioak aurkeztu dizkiotenek eskatu dute Nafarroan haize-zentral berririk ez abiatzeko aurretik gutxienez hiru neurri hartu arte: Castejóngo legez kanpoko zentral termikoak ixtea; energi kontsumoa gutxitzeko sustapenari ekitea; eta Nafarroako energi ekoizpena beste era batera antolatzea, kontsumo-guneetatik hurbileko instalazio txiki eta ugari sortuz. Horrek banaketan gertatzen diren galerak gutxituko lituzke.