argia.eus
INPRIMATU
Nafarroa Berriz Altxa ekimen sortu berriak burujabetza aldarrikatu du
  • Iruñean aurkeztu dute Nafarroa Berriz Altxa herri ekimena. Burujabetza berreskuratzeko beharra eta erabakiak bertan hartu ahal izateko premia azpimarratu dituzte Iruñeko gotorlekuan egindako aurkezpen ekitaldian.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 26a
Aurkezpen ekitaldia Iruñeko gotorlekuan. Argazkia: Nafarroaberrizaltxa.com webgunetik hartua.

Mugimendua bultzatu dutenek manifestua atera dute eta 73 pertsonak sinatu dute. Tartean dira mugimendu feministako, euskalgintzako, lan eremuko, ekologismoko, ikasle mugimenduko eta pentsiodunen mugimenduko pertsonak. Horietako hainbatek hartu du parte aurkezpen ekitaldian.

Aurkezpena Iruñeko gotorlekuan egin dute, beraien hitzetan Iruñea menderatu eta kontrolpean mantentzeko eraiki zuten gotorlekuan. Mugimenduaren sustatzaileek 1521eko herri altxamenduak eta Noaingo eta Amaiurko gudak aipatu zituzten eta adierazi zuten 500. urteurrena baliatuko dutela Nafarroaren eta Euskal Herriaren askatasuna eta burujabetza aldarrikatzeko.

Datozen asteetan hitzaldiak, aurkezpenak eta mobilizazioak egingo dituzte. Ekainaren 19rako manifestazioa eta ekitaldi politikoa iragarri dituzte. Laster Tafalla eta Larragako Rotten XIII musika taldeak mugimenduarentzat sortutako kanta aurkeztuko dute. Ekimenaren finantzazio iturri izan dadin elastikoa salgai jarri dute.

Manifestua, sinatzaileen zerrenda eta elastikoak erosteko aukera Nafarroa Berriz Altxa webgunean dago.