argia.eus
INPRIMATU
Nafarren %26ak euskararen ezagutza mailaren bat dauka
  • Nastat-ek, Nafarroako Estatistika Institutuak, 2022an egindako ikerketa lanaren emaitzak argitaratu ditu. Euskaldunen proportzioa %15,1ekoa da, euskaldun hartzaileena %11,6koa eta ez-euskaldunena % 73,3koa. Hogei udalerritan euskaldunen proportzioa %80tik gorakoa da.

ARGIA @argia 2024ko maiatzaren 20a
Iturria: Nastat.

Euskal hiztun gehien dagoen adin tartea 15 urtetik beherakoena da. Euskal hiztunak dira (euskaraz hitz egiteko gai direnak) %26,6 eta euskaldun hartzaileak (euskara ulertu bai baina ongi hitz egiteko gai ez direnak) %21,1. Hurrengo adin tarterik euskaldunena 15 urtetik 24rakoa da. %26,1a euskalduna da eta %19,7 euskaldun hartzailea. 65 urtetik gorakoak dira ehuneko baxuena dutenak: %8,3 dira euskaldunak eta %6,9 euskaldun hartzaileak.

Eremu euskaldunean bizi direnen %62a da euskalduna, eremu mistoan %13,8 eta eremu ez-euskaldunean bizi direnen %2,8 da euskalduna.

Jaio diren eremuari begiratuz gero, datuak hauek dira: eremu euskaldunean jaiotakoen %74,3 euskaldunak dira, eta aldiz, eremu ez-euskaldunean jaiotako euskaldunen zifra %2,9koa da.

Nafarroan 272 udalerri daude eta horietako hogeitan, denak eremu euskaldunekoak, euskaldunen proportzioa %80 baino handiagoa da. Hemezortzi udalerritan, denak eremu ez-euskaldunekoak, bizilagunen %1 da euskalduna.

Jabi Arakama (Euskarabidea): “Azken urteotako goranzko joera sendotu da”

Euskalerria irratiak Jabi Arakama Euskarabideako zuzendaria elkarrizketatu du Nastat-en emaitzen harira. Azpimarratu du euskaldunen kopuruak gora egin duela, portzentualki eta zenbaki absolutuetan: “Berri ona da, horrek erakusten du goranzko joera sendotu dela, eta nafar gizartearen zati handi baten nahia eta borondatea erakusten du”.

Tokian tokiko egoera soziolinguistikoaren araberako emaitza desberdinak aipatu dizkio irratiko esatariak, eta Arakamak adierazi du egoera soziolinguistikoek euskararen ezagutzan, erabileran eta atxikimenduan eragina dutela. Arrazoi historikoak aipatu ditu, eta euskara eremu batzuetan besteetan baino hizkuntza gutxiagotua izan dela gogorarazi du. Dena den, azken urteetako politiken eragina ere azpimarratu du, eta hala esan du: “UPNren garaian, leku batzuetan batez ere, euskara arrotz balitz bezala transmititu da eta horrek bere ondorioak eduki ditu”.

Eremu euskalduneko eta ez-euskalduneko emaitzen arteko aldea mahai gainean jarri dio esatariak. Eremu ez-euskaldunean euskararen prestigioa lantzen saiatzen ari direla esan du, eta “emaitza politak” jasotzen ari direla adierazi. Ikastetxeetan irekitako D ereduko 14-15 lerro aipatu ditu, baita A eredua (euskara ikasgaia da) zabaldu izana ere “nahiko herri zailetan”, hala nola Fustiñanan eta Corellan.

Irratiko elkarrizketa modu positiboan bukatu nahi izan dute esatariak eta Arakamak. Hala adierazi du Euskarabideako zuzendariak: “Badakigu zein den gure hizkuntzaren egoera, baina bilakaera ere oso argi daukagu eta hobetzen ari gara. Bilakaera sendotu eta sakontzeko gogoa daukagu, baita tresnak ere”.