Nafarren %42,2k Uxue Barkos presidentearen gobernuari denbora utzi behar zaiola uste dute, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eginiko barometroaren arabera. Erkidegoko hauteskundeak gaur egingo balira UPN izango litzateke lehen indarra eta EH Bildu eta Geroa Bai bi eta hirugarrenak.
Barometroaren arabera UPN izango litzateke lehen indarra Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak orain egingo balira. Hamabost eserleku lortuko lituzke, egun dituenak. Erkidegoko bigarren eta hirugarren indarrak EH Bildu eta Geroa Bai izango lirateke, eserleku kopuru berdinarekin, zortzi edo bederatzi. Inkestak PSN kokatzen du laugarren tokian zazpi eserlekurekin, eta Podemos bosgarren, seirekin. PPk hiru izango lituzke eta Izquierda-Ezkerrak bi. Ciudadanos alderdia ez litzateke parlamentuan sartuko.
Gobernuaren balorazio orokorra egiteko ere balio izan du inkestak: hamarretik 4,92 nota lortu du. Inkestatuen %42,2k gobernuak arazoak konpontzen dakiela uste du baina denbora gehiago behar duela, %32k ez dakiela nola egin aurre, %21,3k gobernua Nafarroako arazoez jabetzen dela uste du eta %4,4k uste du gobernua ez dela ari Nafarroako arazoak konpontzen.
Politikarien balantzea
Bestalde, Uxue Barkos presidentea Nafarroako lider politikorik baloratuena da, 4,98ko notarekin. Talde parlamentarioetako bozeramaileen artean ere Geroa Bai nagusitzen da, Koldo Martinezek 4,7ko balorazioa baitu. Kalifikazio txarrena, berriz, PPko Ana Beltránek du (3,6).
Nafarrentzat langabezia da arazo nagusia (%45,4) eta bigarrena politikariek (%18,6). Bigarren mailan, arazo ekonomikoak eta osasun arazoak daude (%2,5). Inkestaren arabera, nafarren %51,9k bertako egoera ekonomikoa erdipurdikoa dela uste dute, 19,9k ona eta 14,6k txarra. Muturretan %6,8k oso ona dela dio eta %5ek oso txarra dela.
Identitate sentimenduaz
Inkestaren arabera, nafarren %25,9 Euskal Autonomia Erkidegoarekin batuz erkidego bakarra osatzearen alde dago eta %74,1 aurka. Inkestak identitate sentimenduez ere galdetu du, %45,1 nafar sentitzen dira; 20,1 euskaldun eta nafar; 8,9 espainiar; 8,6 euskaldun, nafar eta espainiar; 5,4 euskaldun; eta 5,1 europar.