Ebazpenak dio legea ez dela Espainiako Konstituzioarekin bateragarria. Nafarroako Gobernuak adierazi du migratzaileen osasun arreta ziurtatuko duela beste laguntza batzuen bidez.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliorik gabe utzi du Nafarroan bizi diren pertsona guztiei osasun arreta bermatzen dien Nafarroako 8/2013 foru legea. Hau jakitean Nafarroako Gobernuak lasaitasun mezua zabaldu du: "Paperik gabeko migratzaileen osasun arreta bermatzen segituko dugu aurrerantzean ere. Beste laguntza eredu bat aurreikusia zuen exekutiboak, Auzitegi Konstituzionalak 2013ko legea atzera bota zezakeela jakinda".
Auzitegi horretako lau magistratuk boto partikularra eman dute, ez baitatoz bat sententziaren oinarriekin eta epaiarekin berarekin; beste magistratu batek ere kontrako botoa eman du, Nafarroak osasun alorrean dituen eskuduntzak oinarritzat hartuta. Hala ere, sententzia aurrera atera da, aintzat hartu baitute Espainiako Gobernuak jarritako helegitea.
Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.