Langileek eman dute Nafar Telebistaren egoera ekonomiko jasanezinaren berri. 14:30etako ohiko albistegia baliatu dute despeditzeko. Urte eta erdi aritu dira emititzen.
"Ez-ohiko albistegia dugu gaurkoa. Langile guztiok batu gara, Nafar Telebista itzali eginen dela esateko", hala adierazi du Nafar Telebistako albistegietako aurkezleak, Susana Errozek. "Egoera ekonomiko jasanezinean gaudelako emititzeari utzi eginen diogu", esan du. Urte eta erdiz aritu dira emititzen. "Agur bat baino, gero arte bat izatea espero dugu", gaineratu du despedidaren unean Errozek langile guztien izenean. Betiko itzaltzea baino, proiektuak aurrera segitzeko esperantza dute langileek. Eskerrak eman dizkiete urte eta erdi honetan ikusle izan dituztenei eta babesle guztiei.
Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra