argia.eus
INPRIMATU
Nafar Piriniotako biztanleria %13,3 jaitsi da azken hamarkadan
  • Hamar urtetan, despopulizazioaren eta bazterketa instituzionalaren eraginak Nafar Pirinioak husten joatea ekarri du ondorio. Badira, gainera, antzeko egoerara heldu daitezkeen beste lau eskualde: Aurrepirinioak, Zangozaldea, Erdialdea eta Jurramendi.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2020ko urtarrilaren 14a
Izabak, Nafar Piriniotako herri ezagunenetarikoak, 1.342 biztanle zituen 2017an.

Oso atzetik dator baserriko edo herri txikietako biztanleak hirietara salto egiteko joera, baina Nafarroan lurraldeen arteko desberdintasun demografikoa gero eta nabariagoa bilakatzen ari da. Azken hamarkadan Nafar Piriniotan geratu da agerien fenomeno hori. Hamar urtetan eskualde osoko biztanleria %13,3 jaitsi da, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Guztira, Iruñerrian Nafarroako biztanleen erdia baino gehiago dira, %54.

Hori bakarrik ez, Aurrepirinioak, Zangozaldea, Erdialdea eta Jurramendi baldintza berdintsuetara igaro daitezke datozen urteetan. Foru Gobernuak datozen hilabeteetan despopulazioaren aurka borrokatzeko asmoa duela adierazi du. Astelehenean Errealitate Sozialaren Behatokian egindako agerraldian, Nafarroako lurralde desberdintasunen diagnostikoa: erronkak eta proposamenak dokumentua argitaratu zuten. Behatokiak eginiko txostenak Nafarroako eskualdeetan dauden lurralde, demografia, lan eta gizarte desberdintasunak azaltzen ditu.

Pirinioak biziberritzeko asmoa

2017an ARGIAk Nafar Piriniotan bizi ziren gazte batzuekin hitz egin zuen, bertako bizimodua ezagutzeko asmoz. Inguruak eskaintzen dituen aukeretara egokitzea ezinbestekoa dela azaldu ziguten. Zenbait gaztek "unerik onenean" zeudela ere adierazi zuten, baina arazo nagusietakoa dela biztanleria-piramidea alderantzikatuta dagoela. Biztanle gehienek 50 urte baino gehiago dituzte, eta askoz pertsona gehiago daude 70 urtetik gora 30 urtetik behera baino.