Uda-giroa iritsi eta terrazak betetzen hasi diren honetan, garagardorik ez da falta mahai gehienetan. Eta betiko garagardo enpresa handien partez, geroz eta artisau garagardo aukera gehiago ikusten da denda nahiz tabernetan; horren erakusle dira Euskal Herriko hamaika txokotan sortu diren garagardo ekoizpen txikiak. Nafarroako Pirinioetan, Burgin, duela bost urte inguru sortu zuten Xorta enpresa bi kidek, baina urtarrilean jabe aldaketa eman eta eskualdeko bost gazte sartu dira proiektuan orain. Ahalik eta modu jasangarrienean ekoitziz bizibidea ateratzea dute helburu. Azken batean, Pirinioetan lan egiteko eta bizitzeko apostua da Xorta proiektua.
Bost sozio badira ere, bi dira soldatapean dauden langileak momentuz. “Koinata eta biok langabezian geunden, eta norbaitek gu kontratatzeko esperoan egon beharrean, guk geuk zerbait martxan jartzea pentsatu genuen”, dio Jox Ubau Galartza egitasmoko kideak. Garagardoa beharrean beste proiektu bat izan zitekeela dio gazteak; berdin zitzaien gazta, arrautzak, barraskiloak edo beste zerbait ekoiztea. Baina garagardozaleak izanik eta Xorta abiatu zuten kideek uzteko asmoa zutela jakinik, ez zitzaien ideia txarra iruditu horretan buru-belarri sartzea.
“Gure garagardoa erabat artisaua da, falta zaigun bakarra garagarra eta lupulua guk geuk ekoiztea da”, dio garagardogileak. Prozesu osoa beraiek egiten dute Burgiko poligonoan duten gunean, eta lehengaiak ere hurbiletik eskuratzen saiatzen dira. “Lupulua, adibidez, Erriberriko gazte bati hartzen diogu, eta botilak Mendabiatik ekartzen ditugu”, dio. Bertako garagarra eskuratzea zailago zaiela onartzen du gazteak, baina Euskal Herrian enpresa txikiak egon badaude, eta pixkanaka horiei hartzen hastea dute asmo. “Oraindik sozio zaharrek egiten zuten bezala ari gara ekoizten, baina pixkanaka guztia edo behintzat gehiena gertuko gaiekin egitea da burutan daukaguna”, gehitzen du.
Pandemia dela-eta gutxiago ari dira ekoizten hilabeteotan, tabernak eta jatetxeak itxita egon direlako. "Normaltasuna" bueltatzen doan heinean, ordea, astean 700 litro inguru ekoiztea da haien asmoa. “Botiletan eta barriletan saltzen dugu garagardoa, batez ere hemen, Erronkariko eta Zaraitzuko ibarretan, baina Iruñeko zenbait tokitan ere bai”. Azoketan ere ibiltzen dira Xortako kideak, eta Burgiko poligonoan asteburutan irekitzen duten kañerodun terraza bat ere badute. Nabearen alokairuaz kexu dira gazteak, Nafarroako Gobernuaren zerbitzu baten bidez baitute alokatuta, eta prezioak Iruñekoen parekoak direla diote. “Gazteok hemen bizitzen gelditzea nahi badute, gehiago lagundu beharko lukete”, dio Ubauk.
Momentuz, zazpi garagardo mota ari dira ekoizten: horia, tostatuak, APA (American Pale Ale) eta IPA (Indian Pale Ale) motakoak, eta beltza. “Geroz eta fama handiagoa hartzen ari dira garagardo artisauak, eta jendearen mingainak ohitzen doaz pixkanaka. Azkenean, betiko garagardoak hilda daude. Zer esan nahi dudan horrekin? Beti berdin daudela, legamiak-eta ez direla aldatzen. Artisauak bai, hauek bizirik dauden garagardoak dira”, amaitu du.