argia.eus
INPRIMATU
Nafar Pirinioak ekintzailetza eraldatzailearen erreferente izatea nahi dute
  • Auritzen, Ezkarozen eta Aurizberrin jardunaldiak egingo dituzte martxoaren 24tik 27ra, Nafar Pirinioetan ekintzailetza eraldatzailearen "ekosistema" bat sortzen ari dela ikusarazteko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko martxoaren 11
Gu Pirinioa programaren bileretako bat Ariben, Aezkoa ibarrean (argazkia: Gu Pirinioa)

Nafar Pirinioak bizitzeko eta lan egiteko toki ona direla sinetsita, hamaika proiektu ari dira garatzen norbanako eta kolektiboak azken urteetan, ekintzailetza eraldatzailearekin zerikusia dutenak. Pirinioetako Planaren baitan sorturiko Pirinioko Mahaiaren Ekintzailetza Lantaldeak ildo horretan jarraitzeko baliabideak jarri eta sustapen lanak egiten dihardu Pirinioetako herri askotan, gobernantza eredu berriekin lan egingo duten kooperatibak lagundu eta belaunaldien arteko erreleboa bultzatuz.

Esaterako, hor dira Aribe eta Otsagabiako coworking edo elkar-lanerako espazioak, baita Abaurregainako patata-estazioa eta beste proiektu batzuk ere. "Kolektiboaren eta komunitarioaren garrantzia" azpimarratu dute lantalde horretatik, ikusi baitute jarduerak pertsonalizatua izan behar duen arren, "arazo indibidual guztiek erantzun kolektiboak behar dituztela eta lurraldeko behar sozialei irtenbidea ematen dietela".

"Kolektiboaren eta komunitarioaren garrantzia" azpimarratu du jardunaldia antolatu duen Pirinioko Mahaiaren Ekintzailetza Lantaldeak

Eskualdea ekintzailetza eraldatzailearen erreferente izatea nahi dute, eta balio horietan funtzionatuko duten proiektu eta lan egiteko moduen "ekosistema" bat sortu, "erronka demografikoari heltzeko eta lurralde-garapen iraunkorra ahalbidetzeko".

Jardunaldiak martxoaren 24tik 27ra

Norabide horretan, martxoaren 24tik 27ra jardunaldiak antolatu dituzte hainbat herritan, ikusarazteko Pirinioetan badela ekintzailetzarako lekua. Martxoaren 24an Ezkarozen, Zaraitzuko Batza Aretoan Networkinga egingo dute ekintzaileei zuzendua eta Olatukoop ekonomia eraldatzailearen sareak gidaturik.

Jardunaldien zati nagusia, baina, Auritzen egingo da martxoaren 25 eta 26an. Hitzaldiak eta mahai-inguruak izango dira, Kataluniako ereduak ezagutuko dituzte, Nafarroako proiektu pilotuak eta bestelako esperientziak ere bai... Horrez gain, bertako jakiak eta edariak dastatzeko aukera izango da bi egun horietan.

Eta amaitzeko, martxoaren 27an Aurizberrin tokiko ekoizleen azoka egingo dute. Egitarau osoa Gu Pirinioa webgunean kontsultatu daiteke.