argia.eus
INPRIMATU
Nafar hizkuntzaren lazeriak

Germán Gorraiz López 2021eko ekainaren 11

Lingua Vasconum Primittiae-aren sorterrian, Nafar Erreinu Zaharrean hain zuzen ere, euskararen etorkizuna kolokan dago, zeren eta Nafarroa Oinezen oihartzun mediatikoaz gain, errealitate gordinak frogatzen du Nafarroan euskararen hedapena geldialdirantz doala, azken 15 urteotan gorakada bat gertatu bada ere. Nafarroako euskararen egoera zalantzagarria ikusirik, gogoeta sakonaren eta kritika eraikitzailearen beharra badugula ondorioztatzen da. Euskararen ahuleziak euskaraz bizitzeko konpromisoa hartzeko eskatzen digu, hots: euskaldunok, erabiltzen dugun euskara gaurkotu, hobetu eta bere erabilera areagotu; eta erdaldunak, euskara ikasteari gogotsu ekin. Euskararen erabileran baitago etorkizunaren giltzarria.

"Tamalez, administrazio publikoetan euskararen erabilera arautuko duen Nafarroako Gobernuaren Foru Dekretu berrian euskararen balorazioa desagertuko da eremu ez-euskaldunetarako"

Beraz, Nafarroako euskararen geldialdia saihesteak ahalegin eskerga eskatuko digu euskaldunoi eta “fosilizazio” hori ekiditeko euskararen aldeko aurrekontuak areagotzea premiazkoa da, baita euskara eguneroko bizitzaren arlo guztietan ikusgai izatea, Nafarroan bizi garenontzat euskara ondasun kulturala eta batzeko tresna bilaka dadin. Tamalez, administrazio publikoetan euskararen erabilera arautuko duen Nafarroako Gobernuaren Foru Dekretu berrian euskararen balorazioa desagertuko da eremu ez-euskaldunetarako. Horri D ereduan matrikulak gutxitzea eta PSNren eta Navarra Sumaren ingelesaren aldeko jarrera gehituz gero, horizonte zalantzagarri bat ematen du euskararentzako, eta hori dela eta euskararen aldeko mobilizazio orokorra premiazkoa da.