argia.eus
INPRIMATU
‘Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura’ kanpaina abiatu du Errigorak
  • Martxoaren 10etik 30era arte bitarte egingo dute Errigoraren kanpaina berria. Ostegun goizean aurkeztu dute Iruñeko Geltokian ekimeneko kideek, Bardea olio-errotako Kiko Fernandezek eta Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluko lehendakari Mirian Otxotorenak. Emeki-emeki, Nafarroako baratza aldatzen ari direla azpimarratu dute.

Axier Lopez @axierL 2022ko martxoaren 10a
'Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura\' kanpainaren aurkezpena Iruñeko Geltokian. Argazkia: Errigora

Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina berriaren bitartez kontsumitzeko erak aldatzeko bide bat proposatu nahi dute. Martxoaren 10etik 30era Agerreko (Nafarroa hegoalde eta erdialdeko) oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz, pasta eta lekale-sortak eskuragai jarri dituzte, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan.

Azken urteetan Errigorarekin bat egin duten milaka herritarrei esker, Nafarroako baratzean "pausu sendoak" ematen ari direla azpimarratu dute, bestelako ekoizpen eta banaketa-ereduak ohiko bihurtzeko bidean: "Bestelako ereduentzat lur-eremu berriak irabazi, kanpotik ekartzen genituen produktuen ekoizpena gurean berreskuratzen lagundu, hainbat ekoizleri ekologikora trantsizioa egiteko bultzada eta babesa eman eta euskarari olio-errota eta kon­tserba-etxeetako ateak zabaldu dizkiogu".

Kanpaina urtean behin egiten da eta, beraz, ideia eskaera handiak egitea da: urtean behin, urte guztirako. Banaketa apirilaren azken astean eta maiatzaren lehen hamabostaldian izango da eta 200 bat herritan daude banaketa-guneak.

Errigora auzolanean antolatzen dela gogorarazi dute, herriz herri informazioa zabaltzen, eskaerak bideratzen eta produktuak biltegiratu eta banatzen ari direnen lan boluntarioari esker.