argia.eus
INPRIMATU
Sare
“Herri honek presoen eskubideen alorrean harriak mugitu nahi dituela nabaritu behar dute”
  • Larunbateko deialdi bikoitzaren aurrean, azken prentsaurrekoa egin dute Sareko kideek. Dispertsioaren amaiera, preso gaixoen askatasuna eta salbuespenezko legedia bertan behera uztea eskatuko dute Bilbon eta Baionan. "17:00etan bete ditzagun kaleak: aldarrikapenez, ilusioz eta itxaropenez”.

ARGIA @argia 2016ko urtarrilaren 07a
Euskaraz Teresa Todak eman ditu azalpenak, gaztelaniaz Joseba Azkarragak. Biak Sareko bozeramaleak dira. (Arg: Sare)

“Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde. Euskal presoak Euskal Herrira” izango da manifestazioaren leloa. Pankarta eusten zein joango diren ere aurreratu dute: Rosa Rodero, Iñaki Lasagabaster, Fermin Muguruza, Juan Mari Olano, Gemma Zabaleta edo Inaxio Kortabarria, besteak beste. Manifestazioa bukatzean, Bilboko Udaletxean Zuriñe Hidalgok eta Xabier Euzkitzek hartuko dute hitza.

Manifestazioak jaso duen babesa azpimarratu dute. “Ideologikoki ezberdinak diren pertsona hauek Giza Eskubideen defentsa lehen lerroan jartzen dute”: Justiziaren arlotik, Garbiñe Biurrun, Nazario Oleaga edo Juan Mari Bidarteren babesa nabarmendu dute. Kulturaren arlotik, Kepa Junkera, Kirmen Uribe edo Xabier Euzkitze. Horrez gain, Getxoko alkate ohia den Iñaki Zarraoa; Rosa Rodero, Joseba Goikoetxearen alarguna, Iñaki Lasagabaster, EHUko irakaslea, edo Idoia Muruaga, Igor Angulo presoaren alarguna.

Horrez gain, aurreko egunetan hainbat izan dira manifestazioari atxikimendua adierazi dioten figura politikoak. Tartean dira, Ipar Euskal Herriko 180 hautetsi. "Parisi hitzetatik ekintzetara pasatzeko" eskatu zioten.

Adierazi dute larunbatekoa “azkenengo mobilizazioa izatea espero” dutela, “mendekua eta gorrotoa atzean geratu direnen seinale”.

Diru-bilketa neurriak hartuta

Prentsaurrekoan gogorarazi dute iaz gertatua manifestazioan jaso zuten diruarekin. Guardia Zibilak diru hori kendu egin ziela-eta kexu agertu dira, eta azaldu dute errekurtsoa jarria dutela. Horren aurrean, aurten dirua bost pertsona esanguratsuren esku utziko dutela adierazi dute. “Bankura diru hau iritsi arte eta enpresei ordaindu arte, pertsona hauek izango dira arduradunak”. Pertsona hauek Lokarriko koordinatzaile ohi Paul Rios, Bizkaiko Abokatuen Elkarteko lehendakari ohi Nazario Oleaga eta Juan Mari Vidarte, eta Juan Daniel Barandiaran eta Felix Cañada abokatuak izango dira.