Burlatan egin zuten batzarrean, han zeuden bazkide guztiek [104tik 69] Zabaltzen sortzearen alde egin zuten. Eragile politiko izaera izango du elkarteak, ez alderdi politikoarena. Behin-behineko batzorde kudeatzailea izendatu zuten, azaroko hauteskundeak bitarte erakundeaz arduratu dadin.
Zabaltzen-eko kideentzat Nafarroa Bai "ezinbestekoa" da hauteskunde-espazio zabala duen indar mobilizatzaile eta barneratzaile gisa. Bost oinarrizko puntu jaso zituzten estatutuetan.
- "Ideologikoki ezkerrean, baskismoan eta nazionalismo barneratzailean kokatzen da, aldaketa pluralista eraikitze bidean".
- "Nafarroa da subjektu politikoa, eta bertako herritarrei dagokie erabakitzea".
- "Giza eskubideen aldeko erabateko apustua eta indarkeria politikoaren biktimen onarpena: lehengoena eta oraingoena".
- "Lorpen sozial eta politikoen defentsaren aldeko borroka, merkatu finantzieroen mendetasunaren aurrean".
- "Elkartasun politika globalak sustatzea, munduan banaketa eredu berri baten alde".
Estatutuetan esaten da oinarrizko bost puntu horiek konpartitzen dituzten alderdi eta asoziazioekin taldekatzeko prest daudela.