argia.eus
INPRIMATU
Ñ letra erabiltzea onartu du Frantziako Asanblea Nazionalak
  • Gaurdanik “ñ” letra erabiltzea legezkoa izanen da Frantziako Errepublikan, Parisko Legebiltzarrak ostegunean onartu du duela bi urte luze debekatu zuena. Hau da, izen arruntetan, nahiz frantses herritarren izen-abizenetan “ñ” hizkia legez erabiltzea.  

Mikel Asurmendi @masurmendi 2020ko otsailaren 14a
Bretainiako familiaren borrokari esker onartu du Frantziako Asanbleak ñ hizkiaren erabilera Argazkia: actu.fr

Quimper hirian jalgi zen auzia. 2017ko maiatzaren 11n sortutako haur baten gurasoek aitona Fañch-en izen bera eman nahi zioten semeari, bretoieraz eman ere.

Aitak, Jean-Christophe Bernard-ek, Fañch izena nahi zuen semearen nortasun agirian, baina frantses justiziak haren nahia zapuztu zuen “frantziar alfabetoaren parte ez zelako”.  Epaileek “ñ “baimentzeak “Errepublikako zuzenbide estatua, herrialdearen batasuna eta berdintasuna jatorri bereizketarik gabe mantentzea” arriskuan jar zezakeela hauteman zuten nonbait.

Alta, bada, 2018ko azaroan, Rennesko Apelazio Auzitegiak lehenbiziko epaia aldatu zuen eta familiaren arrazoiak onartu zituen, “ñ” frantses zenbait hiztegitan dagoela argudiatuz. Fiskaltzak ez zuen amore eman, bistan da, Auzitegi Gorenera jo zuen, eta Rennes epaileen epaia baliogabetzat jo zuen forma kontuengatik. Auziaren funtsetan ez zen sartu haatik

Bernard famili bretoiak auzitegietan borrokatzeko kemenari eutsi zion harrezkero, baita Fañch izena onartu izatea lortu ere. Hartara, beren eskubidea Frantziako Estatuko herritar guztien eskubidea bilakatu da.

Frantziako Estatuak, tradizio zentralistari men eginez, izenetan eta izen-abizenetan onartzen ez zuen letra onartu “behar” izan du. Frantziako hiritarren aldeko aitorpen historikoa da, Bernard familiari, baita bretoi politikari eta aktibisten ekimenei esker.

Asanbleako Nazionaleko presidenteak, Richard Ferrand britainiarrak, Nicole Belloubet Justizia ministroak bere eskualdeko parlamentari guztiek egindako eskaera bateratuari onartu izana txalotu du.

Ezbairik gabe, “ñ”-aren aldeko borrokaren emaitza Bretainiako bretoiera eta haren nortasun linguistikoaren defentsan luzez eramandako ekintza politikoa da. Ipar Euskal Herritik ikusita, borrokaldi baten eredua. Gurean, Zuriñe, Iñaki, Beñat edo Añetak beren nortasuna beren moldera azaltzeko eskubidea dute engoitik.

Baina bat, kasuon baña: noiz onartuko ditu Frantziako Errepublika jakobinoak alfabetoaren hizki guztiak? Hots, euskara Euskal Herriko hizkuntza ofiziala izatea, baita hala izanagatik, euskaraz eskoletan erakusteko frantses hizkuntzak dituen eskubide berberak –ekonomikoak barne– izatea?