N-1 errepideko bidesariak "funtsezkoak eta ezinbestekoak" direla adierazi du Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok asteazken goizean Euskadi Irratian. Diru publikoarekin egindako errepideak erabiltzeagatik, herritarrei kobratzen zaizkien bidesariak garrantzitsutzat jo ditu "errepideen mantenua" egiteko. Areago, "baliabideak murrizten ari diren garaiotan".
Errepideen maantenua egiteko dirua zergetatik atera beharko balitz, Olanoren ustez, "gizarte ekintzako diru partida batzuk" murriztu beharko lirateke eta hori "gipuzkoarrentzat kolpe handia litzatekeela" azpimarratu du.
N-1ean eta A-15ean garraiolarientzako bidesariak legez kanpokoak
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko epaia berretsi du asteartean, eta legez kanpokotzat jo ditu kamioientzako bidesariak Gipuzkoako N1 eta A15 errepideetan.
Diputatu nagusiak Auzitegi Gorenean epaiari kasazio helegitea jarriko diotela iragarri du, foru arauari segurtasun juridikoa ematea nahi dutelako. Gogorarazi du bidesarien kontra jasotako lehenengo sententziaren ondoren, Europako Batzordeak adierazi zuela ez zegoela zeharkako diskriminaziorik kanpoko garraiolariekiko.
Epaia irmoa izan bitartean bidesariak kobratzen jarraituko dutela berretsi du Olanok. Auzitegi Gorenak bidesaria legez kanpokoa den ala ez erabakitzea baino ez da falta, eta Olanok onartu du epaitegiek arrazoia ez badiete ematen, herritarrei kobratutakoa itzuli behar izanez gero, diru asko litzatekeela: urtean 8 edo 9 milioi euro.