argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera
  • Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.

Mikel Aramendi 2024ko abenduaren 27a
The Kokang online media

2021eko maiatzean sutu zela ebatzi ohi da, hiru hilabete lehenago Tatmadaw armadak botere zibilaren aurka jotako estatu kolpeari erantzunez. Baina, bidenabar, herrialdeko hainbat bazterretan lehendik ere kronikoa zen insurgentziaren sugeldotik.

Eta ezin esango da intentsitate baxuko gatazka denik. Kalteen zenbatespena biziki korapilatsua bada ere, esaten da dagoeneko 75.000 pertsona inguru hil direla, eta hiru milioi eta erdi beren etxeetatik ihes eginda daudela –150.000 lagun beste herrialde batera–.

Kezkagarriena, hala ere, izango litzateke iazko udazkenean, betiere mugaldeetako estatuetan, matxinoen aliantza handienek abian jarri zituzten ofentsiba ezberdinen (1027, 1107, 1111, Rakhine) ondotik, borrokak biziro gartu direla. Hau da, gerra, amatatzen ez baizik gartzen ari dela.

Azken urtebeteko balantze militarra, insurgenteen aldekoa izango litzateke argi eta garbi  kontrolpean duten lurraldea aintzat hartuz gero. Honelakoetan mapak tentu handiz erabili beharreko tresnak badira ere, baliabide adierazkorrenak izaten jarraitzen dute, eta 2024ko hastapenekoa eta oraintxe bertakoa alderatzea nahikoa da jabetzeko noraino gaizkoatu den Junta Militarraren egoera hamabi hilabeteren buruan.

Inguruko herrialdeekiko mugen kontrola ia erabat galdua izango luke Naypyidaweko Juntak, eta kontrolpean dituen gotorlekuetako askotan, Tatmadawa inguratuta, setiopean, egongo litzateke. Baina egoera horrek berak luzaro iraun dezake, matxinatuen miliziek arma arinak eta ezer gutxi gehiago dutelako eskueran, eta aliantzak gorabehera, bakoitzak bere indar eskasak besterik ez dituelako borrokarako. Ez da ahaztu behar, bestalde, kostalde luze eta sakona duela Myanmarrek; eta Juntak baino ez duela itsas armadarik.

Azken albisteek diote Arakango Armada matxinoak Juntak Rakhine estatuan zuen gotorlekua, Ann, hartu dutela. Lashioren ondotik, halako bigarrena izango litzateke aurten. Eta Arakango Armadak, hartara, bere eskuetan izango luke ia Rakhine osoa, eta Bangladeshekiko muga.

Txanponaren aurkia baino ez da hori, ordea. Ifrentzuan, insurgentziaren dibertsitate ikusgarria dago, haren oinarrian datzan aniztasun etnikoak ulergarri egiten duena. Baina etorkizuneko egitasmo erkideak ez ezik oraintxe bertan gudurako aliantza koiunturalak jostea benetan zailtzen duena. Eta Juntak aprobetxatzen jakin duena; alderdi bakoitzean lerrokatutako milizien zerrenda aztertu besterik ez dago.

Erdian, Asiako bi potentzia nagusiak, Txina eta India. Zein bere arrazoiengatik, txanpona kantoika gera dadin ahalegintzen ari direnak oraingoz. Beharbada, kausitzen den aztarna baikor bakarra da.