argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Myanmarreko gerra baretzea ez da albiste ona batzuentzat
  • Duela hamar egun, urtarrilaren 18an, sinatu zen Txinako Kunming hirian Myanmarren agintean den Junta Militarraren eta Myanmarreko Nazio Aliantza Demokratikoaren Armada (MNDAA ingelesezko siglaz) matxinatuaren arteko su-etena. Ez da 2021eko estatu-kolpearen ondotik sututako gerra zibilaren testuinguruan hitzartzen den lehena, ezta ere MNDAAk bere historia luzean unean uneko gobernu myanmardarrarekin adosten duen estreinakoa. Ezta une honetan indarrean dagoen bakarra ere. Baina, lehentxeago edo geroxeago, guztiek porrot egin dute, eta gatazka indarberritu egin da.

Mikel Aramendi 2025eko urtarrilaren 28a
Myanmarreko Nazio Aliantza Demokratikoaren Armada, Lashio hiria askatu zutela ospatzen, 2024ko abuztuan. The Kokang

Aurrekoetan bezala, Txinaren bitartekaritza erabakigarria izan bide da oraingoan ere. Menia Kunmingen, mugakide den Yunnan probintzia txinatarraren hiriburu erraldoian negoziatu eta sinatu izanak argi erakusten du hori. MNDAAren gotorlekua den Kokang eskualdea Txinarekiko mugan dago eta, aintzat hartu beharreko faktorea da matxino-talde horren oinarri etnikoa gehienbat txinatarra dela, edo behintzat txineraz mintzatzen dela, historia luze bezain katramilatua medio. Hein batean, garai bateko Birmaniako Alderdi Komunistaren gerrillaren kimua ere bada MNDAA.

Txinak mugalde horretan bakea, edo antzeko zerbait, eduki nahi izateko zergatiak, ordea, zerikusi gutxi du kidetasun etniko edo ideologikoarekin.

Berehalako pizgarria da, dudarik gabe, gatazka armatuak are suberagoa bihurtzen duela betidanik hartu-eman eta trafiko bihurrien eszenatokia izan den muga bat. Adibidez, opioideen trafikoa, historikoki; eta Internet bidezko iruzurrak, azkenaldian.

Lashio, Laukkai eta, batez ere, Ruili txinatarrarekin hirigune bikia osatzen duen Muse-ren kontrolak asko axola dio Pekini. Besteak beste, oso urrutiko mahai batean ere jokoan legokeen karta delako: Trump administrazioarekin fentaniloaren inguruko kalapitetan.

Bigarren zergatia, seguruenera, sakonagoa da: Txinak ez dio Myanmarreko egungo gerra zibilari aterabiderik ikusten aldeetako ezeinen garaipenarekin; eta gatazkaren akabera, azkenean, mahai batean hitzartu beharko dela deritzo, Kunmingen edo halako lekuren batean… baldin eta borroka kronifikatuta geratzea nahi ez bada. Hori litzateke okerrena Txinarentzat.

Izatez, iraganeko hamarkadatan halatsu egon da Myanmar. Baina orduan Txinak ez zuen gaur egungoa adinako aginpiderik, ezta bere mugalde horretan ere.

Ikuskera horrek, haatik, ez du mundu guztia asetzen Myanmarreko oposizio elkargaitz eta askotarikoan. Beti bezala, erabateko garaipenaren bandera haizatzen da halakoetan. Gerra laugarren urtean sartzear denean.