BBC hedabideak ikerketa bat argitaratu du, eta militarrek uztailean egindako lau sarraskiren berri eman du. Uste dute hilketak “zigor kolektiboak” izan direla, herri horiek baitira agintean dagoen junta militarraren oposizioaren gotorlekua. Armadak ez ditu hilketak ukatu: “Gerta liteke”.
Otsailaren 1ean Myanmarren estatu kolpea eman zutenetik, hainbat eta hainbat sarraski egotzi dizkiote agintean dagoen junta militarrari. Besteak beste, gizateriaren aurkako krimenak ikertzen ari da Nazio Batuen Erakundea (NBE). BBC kateak eman du azken sarraskien berri: hedabidearen ikerketa baten arabera, militarrek gutxienez 40 gizon torturatu eta hil zituzten uztailean, Kaniko herrixketan.
Hamaika lekukorekin hitz egin du BBCk, eta Myanmar Witness GKEak jasotako bideo eta argazkiekin alderatu ditu testigantzok. Haien esanetan, soldaduek (batzuk 17 urte ingurukoak) herritarrak inguratu, gizonezkoak haiengandik banandu, eta hil arte torturatzen zituzten. Gorpuak, batzuk mutilatuak, amildegitik bota edo sakonera txikiko hobi komunetan lurperatu zituzten. Lau erasotan egin zituzten hilketak.
Hedabideak dioenez, “zigor kolektibo” gisa egin dituzte sarraskiak. Izan ere, eremu horretan areagotu egin ziren milizia zibilen eta armadaren arteko liskarrak azken hilabeteetan. Miliziek demokrazia berrezartzea eskatzen dute.
BBCk akusazio horiek helarazi dizkio Myanmarko Informazio ministrordeari eta Zaw Min Tun jeneralen bozeramaileari. Jeneralak ez du ukatu hilketak egin izana: “Gerta liteke. Etsai moduan tratatzen bagaituzte, guk defendatzeko eskubidea dugu”, erantzun du.