argia.eus
INPRIMATU
Myanmarko armadak estatu kolpea jo du
  • Armadak larrialdi egoera ezarri du urtebeterako eta herrialdearen kontrola hartu du. Win Myin presidentea, eta Aung San Suu Kyi estatu kontseilaria eta Bakearen Nobel sariduna atxilotu dituzte.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 01
Aung San Suu Kyi lider ezaguna da atxilotuetako bat. Argazkia: contrainformacion.es

Eldiario.es hedabideak EFE agentziaren informazioa jaso du. Haren arabera, Myanmarko armadak 30 bat pertsona atxilotu ditu. Tartean dira herrialdeko presidentea, praktikan liderra den Suu Kyi Bakearen Nobel sariduna, gaur arte gobernuan zen Demokraziarako Liga Nazionala (LND) alderdiko hainbat ministro eta buruzagiak. Atxilotuen artean ekintzaileak, idazleak eta artistak ere badaude.

Orain arte presidenteorde zen Myint Swek hartu du aldibaterako presidentetza. Swe militarrek izendatu zuten presidenteorde, Konstituzioak horretarako boterea ematen baitzien. Swek botere guztiak Indar Armatuen buruzagi Min Aung Hlaing-i eman dizkio.

Hauteskundeak egin berri ziren

2020ko azaroan egin zituzten hauteskundeak Myanmarren eta gaurkoak (otsailak 1) izan behar zuen legealdiko lehen saioa. Demokraziarako Liga Nazionalak Parlamentuko 467 eserlekuen %83 lortu zituen. Batasunaren Elkartasun eta Garapenaren Alderdiak (USDP) 33 eserleku lortu zituen eta ustezko irregulartasunak salatu zituen hauteskunde prozesuan. Alderdi hori aurreko batzorde militarrak sortu zuen. Ez zituen emaitzak onartu eta armadak antolatutako hauteskundeak egitea eskatzera iritsi zen.

Demokrazia ibilbide laburra izan du herrialdeak. 1962tik 2011ra armadak gobernatu du herrialdea. 2011tik aurrera ere militarrek botere handia zuten. Parlamentuan eserlekuak zituzten eta Barne, Muga eta Defentsa Ministerioen laurdena kontrolatzen zuten.