Txinak tenperatura altuen ondorioz hainbat alerta aktibatu ditu. Europan Caronte antizikloiak eragingo du muturreko beroa, gehienbat Italian.
Txinako Sanbao herrian 52,2 gradura iritsi da tenperatura, eta herrialdeko beroaren errekor berria ezarri du. Txinako beste tokietan ere muturreko tenperaturak erregistratu dira, eta hainbat alerta mekanismo aktibatu dituzte.
Italian hurrengo egunetan markak haustea espero da: Sizilia eta Sardinia uharteetan 47 gradura iristea eta Erroman 42-ra, maximo historikoak liratekeenak. Hala ere, Italiako Gobernuak ez du murrizketarik ezarriko, baina osasun zerbitzuak indartuko dituzte. Balkanetan ere errekor berriak espero dira, 40 gradu baino gehiagorekin.
Iberiar penintsulan bero izugarriak jarraituko du. Hegoaldean izango du eraginik handiena, 44 graduko maximoekin. Hainbat alerta jarri dira horren aurrean: Andaluziako hainbat puntutan muturreko arriskua dago, eta alerta gorria ezarri dute. Meteorologiako Estatu-Agentziak (AEMET) bero-bolada hau “ez dela normala edo ohikoa” adierazi du.
Euskal Herrian egoera jasangarriagoa izatea espero da, baina Ebroko bailaran 42 gradura iritsi daiteke termomentroa, Tuteran esaterako.
Azkeneko urteetan, klima-aldaketaren ondorioz, bero-boladen maiztasuna bikoiztu da, eta Washingtoneko Unibertsitatearen ikerlari Deepti Singh-en ikerketaren arabera, mundu osoko toki desberdinetan gertatzen diren aldibereko beroaldiak sei aldiz igo dira azkeneko 40 urteetan.