argia.eus
INPRIMATU
Mutualitateak, osasun sistema bikoitza
  • CCOO, UGT, CEOE, CEPYME eta AENCeren arteko akordioa salatu du Nafarroako Osasun plataformak. Akordioaren xedea da gaixoen baimen arruntak mutualitateek kudeatzea.

Olaia L. Garaialde 2023ko maiatzaren 26a
Nafarroako Osasun Plataformaren mobilizazio osasun publikoaren alde.

CCOO eta UGT sindikatuek akordio bat sinatu dute CEOE Enpresa Erakundeen Espainiako Konfederazioarekin, CEPYME Enpresa Handien eta Txikien Espainiako Konfederazioarekin eta AENC Enplegurako eta Negoziazio Kolektiborako IV. Akordioarekin. Helburua da mutualitateek eta Gizarte Segurantzak gaixoen baimen arruntak kudeatzea; hau da, lan istripuei eta lan gaixotasunei lotuta ez daudenak. Gaixotasun horien artean daude, esaterako, tendinitisa, hernia diskalak, lunbalgiak, artikulazioetako edo neurologiako min ugari eta bihurrituak. Nafarroako Osasun plataformak sindikatuen erabakia salatu du, eta esan du mutualitateen xedea dela “azkarrago” lortzea alta medikoa.

Horretarako, mutualitateek irudi bidezkoa diagnostikoak, tratamendu kirurgikoak eta errehabilitazioak eskaintzen dituzte: “Isildu egiten dira, eta ez dute esaten eskubideak dituen sistema batetik, alegia sistema publikotik, eskubiderik gabeko sistemara bidaltzen dituztela”. Nabarmendu dute sistema publikoa “hobetu” behar duen arren, “pribatuak ez bezala” prebentzioan eta ikerketan lan egiten duela.

Helburua lortzeko teknikak ere salatu dituzte; hala nola esteroideen erabilera, ebakuntza kirurgikoak, etekin ekonomikoa atera nahi duten erakundeetara bideratzea eta kontsumismo elektro-medikoa sustatzea: “Ez da praktika horien kontrolik egiten”.

Gaineratu dute, mutualitateek geroz eta eskumen gehiago dituztela osasun publikoan esku hartzeko: “Itxaron zerrendak laburragoak izateko hitzarmen pribatuak sinatu ditzakete osasun publikoarekin; eta hortaz, diru publikoarekin sistema bikoitza indartu”.

Mutualitateen esku-hartzearen ondorioz, osasun sistema publikoko historia klinikoa ikusteko aukera izanen dute, eta horrek eragin dezake gaixotasunen jatorria lana dela “sistematikoki” ukatzen jarraitzea

Gizarte Segurantzari dagokiko mutualitateen esku-hartzea kontrolatzea, baina plataformako kideek salatu dute “isilik” mantentzen dela. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren arabera mutualitateek ematen dituzten alten %15 baino gutxiago “justifikatuta” dago: “Datu gutxi daude, eta ditugunek esaten dute baliabideen kudeaketa txarra egiten dutela eta ohiko kasuetan ez dagoela eragin handirik itxaron zerrendetan”.

Mutualitateen esku-hartzearen ondorioz ere, osasun sistema publikoko historia klinikoa ikusteko aukera izanen dute, eta horrek eragin dezake gaixotasunen jatorria lana dela “sistematikoki” ukatzen jarraitzea, eta lan arrazoiengatik ez diren lesio kopuruek “gora” egitea: “Klase ikuskera dutela esaten duten sindikatuek nola babestu ditzakete horrelako praktikak?”.

Mutualitateak “pribatizaziorako tresna” direla esan dute, eta mutualitateek eskumen gehiago hartuz gero sistema publikoa “baztertuko” eta “ahulduko” dela: “Soilik izanen da lanik ez dutenentzako karitatezko zerbitzu bat”.

Horren guztiaren ondorioz medikuek mutualitateetan zein sistema publikoan lan egin beharko dutela uste dute, eta hortaz, lan bikoitza izanen dutela: “Ez genekien sindikatuen helburua langileen enplegu-aniztasuna sustatzea zela”.