argia.eus
INPRIMATU
Mutrikun berriz?

Mutriku natur taldea 2021eko martxoaren 22a

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Portu Zuzendaritzakoak berriro ere Mutrikurekin gogoratu dira. Baina ez orain lau urte erre zen Kofradi Zaharra konpontzeko, ezta ere gaizki hasi eta gaizki bideratutako dikeko obrari gaur dagoen tokian ganorazko bukaera emateko.

Oraingoan ere, urtero bezala, Urola ibaian kokatuta dagoen ontziolak itsasontzi berria itsasoratu behar duenez, Eusko Jaurlaritzako Portuetako Zuzendaritzak, denon diruarekin, dragatzeari ekin dio Zumaiako bokalean. Ondoren, Mutrikuko portuko bokalean hustuko dituzte handik ateratako hondakinak. Hondar garbia dela diote. Hainbeste urtez lantegien metal astun eta bestelakoez josita egon den Urola Ibaia bere bukaeran hondar garbia edukitzeak sinesgaitza egiten zaigu.

"2021. urtean itsasontzi bat ontzioletatik ateratzeko bokalea dragatu behar izana XIX. mendera eramaten gaitu berriro. Aldaketa klimatikoa, ingurumenaren zaintza, NEXT proiektu famatuak… Benetan prest al gaude?"

Argi geratu da Zumaiako Dike “autodragantea”-k ez duela bere lana egiten. Hala ere, 2021. urtean itsasontzi bat ontzioletatik ateratzeko bokalea dragatu behar izana XIX. mendera eramaten gaitu berriro. Aldaketa klimatikoa, ingurumenaren zaintza, NEXT proiektu famatuak… Benetan prest al gaude? Ez da urrutiegi joan behar aukerak badaudela jabetzeko. Urdaibaiko Biosfera erreserban kokatzen den Murueta ontziolako itsasontziak (Zumaian eraikitzen direnak baino dezente handiagoak) itsasoratzen dira inolako dragarik burutu gabe. Baina itsasontziari flotagailuak soldatu behar zaizkio. Eta gero kendu. Eta horrek kostu ekonomiko bat dauka. Baina horiek dira horrelako gune babestuan ontziolak kokatzearen betebeharrak. Gogoratu, Urolako itsasadarra “ES2120004 ‐ Urolako Itsasadarra” kontserbazio eremua da.

Mutrikuko portuko kanpoko bokalean botatzen diren hondakinak Mutrikuko sarrerako kanalean zabaltzen dira, urazpiko basamortu bat eratuaz. Honetaz gain, sakonera gehiago murrizten du portu historikoko sarrera oraindik ere arriskutsuagoa bihurtuz. Zumaiako ontziolari behin eta berriz draga lanak diru publikoz burutzeak Europako legedia betetzen al du?. Ez al da ezkutuko diru-laguntza?

Hilabete bukaeran dauzkagu marea biziak, oraindik garaiz gaude dragarik burutu gabe Zumaiako ontziolako itsasontzia itsasoratzeko, flotagailuak erabiliz.