Danborzaleak plataformak 1.200 sinadura aurkeztu dizkio Mutrikuko alkateari, portuko dikea handitzeko obrak gauzatu aurretik galdeketa egiteko eskatzeko.
Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak pasa den astean abiatu zituen Mutrikuko portuko dikea 88 metro luze handitzeko obrak. Obrak FCC enpresari esleitu dizkiote, 15.623.787 euroko aurrekontua dute eta 17 hilabetean bukatuko lirateke, Jabi Leon kazetariak jaso duenez Noticias de Gipuzkoa egunkarian. Jaurlaritzak adierazi duenez, abian diren obrak mugatuko dira babes-dikea luzatzera –porturako sarbidea hobetu eta dartsenako segurtasuna bermatzeko–. Alegia, ez du esan nahi 2002ko Portuaren Plan Bereziak jasotzen dituen beste ekintza batzuk gauzatuko dituztenik, kazetariak dioenez.
Obrak direla-eta, Danborzaleak plataformak 1.185 sinadura –tartean 719 mutrikuarrenak– aurkeztu ditu Udalean. Hiru eskaera egin dizkiote alkateari: obrak hasi aurretik Eusko Jaurlaritzari eska diezaiola portuko proiektuaren gaineko azalpen garden, publiko eta zintzoa emateko; herri galdeketa egin bitartean Udalak eskura dituen baliabideak balia ditzala obrak geldiaratzeko; eta galdeketaren emaitza errespetatzeko.
Noticias de Gipuzkoa egunkariaren arabera, Eusko Jaurlaritzak asmoa du dikeko obrak amaitzean Plan Berezia berriro aztertu eta parte-hartze prozesu baten ostean zein ekintza egin behar diren eta zein ez erabakitzeko. Danborzaleak plataformak, ordea, galdeketa aurretik egiteko eskatu du. Elkarteko kideek kezka agertu dute, dikea luzatzerakoan haren eta danborraren arteko urak kirol portu batekin beteko direlako, haien ustez. “Jaurlaritzak aspaldian hartuta duen kostaldearen kudeaketa eta ustiapenerako politika kontuan hartuta, okupazio hori kirol portu baten bidez egingo da”, diote. “Lehenago edo beranduago, orain arteko danbor, piszina eta hondartza inguruaren erabilera murriztu edota debekatuko dizkigute”.