argia.eus
INPRIMATU
Mutildantzetan jarrera baztertzailea salatu du Plazara Dantzara taldeak
  • Baztandarren Biltzarra eta Elizondoko bestetan toki publikoetan ez, baina pribatuetan gizasemeek bakarrik dantzatu dutela aipatu dute

Erran .eus @erran_eus 2015eko abuztuaren 05
Elizondo Santio egunez plazan egin zen Mutildantza mistoa. Eremu pribatuetan mutilena bakarrik egin zela salatu dute. Elizondo Santio egunez plazan egin zen Mutildantza mistoa. Eremu pribatuetan mutilena bakarrik egin zela salatu dute.

Emakumeen dantzatzeko eskubidea aldarrikatzen duen Plazara Dantzara herri ekimenak Elizondon Mutildantzaren inguruan izan diren jarrera baztertzaileak salatu ditu.

Plazada Dantzarak aipatu duenez, «Baztandarren Biltzarra egunean, Ikastolako plazan, Mutildantza baztertzailea egiten saiatu ziren, baina Plazara Dantzarako kideak dantzatzeko prest geundela ikusirik, ez zutela dantzatu nahi izan». Taldearen ustez, «ironikoa da errespetua aldarrikatzen duten horiek Baztandarren Biltzarrak antolatzen duen egitarautik kanpo dantza baztertzailea egiten saiatzea, Baztandar guziona den eguna errespetatu gabe».

Elizondoko bestetan, berriz, Santiago eguneko egitarau ofizialean zegoen Mutildantza dantzatu beharrean, Baztango Mutildantzari taldea eremu pribatu batera dantzatzera joatea erabaki zuten. Gauean, 20:00etan ikastolako plazan saiatu ziren berriro, baina emakume dantzariak ikusita, ez zuten dantzatu. Beren helburua betetzen ez zela ikusita, 26an eta 27an bertze eremu pribatu batera joatea erabaki zuten, kasu honetan Elizondoko Elizako belardira.

Plazara Dantzara taldearen helburu nagusia «Baztanen Mutildantza dantzatzen den herri guzietan dantza publiko eta parekideak dantzatzea da.  Plazara Dantzararen lehenengo helburua beraz bete da aurtengoan ere, eta zoriondu nahi ditugu gurekin batera helburu hori lortzeko lanean aritu diren eta arituko diren guziak». Halere, salatu nahi izan dituzte «horrelako jarrera sexista eta baztertzaileak babesten dituzten jabe pribatuak» salatu nahi izan dituzte: «historian zehar ezinbertzekoa izan da klase pribilegiatuen eta Eliza katolikoaren papera patriarkatua mantentzeko eta emakumeen eskubideak zapaltzeko. Ez da kasualitatea plazetan emakumeak baztertu nahi dituzten horiek, hain zuzen ere, Elizan bilakatzea beren gotorleku.  Ez da kasualitatea ere, herritar guzionak ziren eta Elizak modu lotsagabean bereganatutako lurrak, emakumea baztertzeko eta publikoa pribatu bihurtzeko erabiltzea».

Plazara Dantzara taldetik lanean segituko omen dute plaza guzietan Mutildantza parekideak eta publikoak izaten segitzeko, «batzuk historiako bidegabekeriak errepikatu nahi dituzten arren».

[Albiste honen jatorrizko bertsioa Erran.eus-ek argitaratu du eta webgune horretako Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra]