argia.eus
INPRIMATU
“Mutilak ere printzesa izan daitezke”, zeresana ematen ari den proiektua
  • Haurrentzako festetan, gustuko duten printzesaz janztea eta printzesa hori antzeztuko duen aktore heldu batek festa girotzea ez da arraroa AEBetan. Halakoak antolatzeaz arduratzen zen Kitty Wolf argazkilaria, eta ikusi ostean printzesaz mozorrotu nahi zuen mutil bati errieta egiten ziotela, “Mutilak ere printzesa izan daitezke” proiektua jarri du martxan, euren printzesa kuttunaz jantzitako mutikoen erretratuak sareratuz. Irain ugari jaso ditu ekimenak, babes mezu asko ere bai.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko urtarrilaren 12a

“Printzesaz jantzita izugarri gozatzen duten mutilak ikusi ditut, baina esaten zaie ez dela mutilentzako moduko jolasa, ez dela normala. Eta haurrak lotsatuarazten dituzte, nahastuta sentitzen dira, triste eta bakarti. Ume baten irudimena ezin du generoak mugatu eta zabaldu nahi dudan mezua da ongi dagoela zarena izatea, gustatzen zaizuna gustuko izatea; poza ematen diona egiteagatik ez luke lotsatu behar haur batek”, dio proiektuaren bultzatzaileak.

Printzesaz jantzitako aktore helduekin batera mozorrotutako mutikoak dira proiektuaren protagonistak; mutiko horiei guztiei eta euren familiei babesa ematea eta modu horretan jantzi nahi dutenak horretara animatzea da helburua. Erreakzio soka sortu du egitasmoak: “Denetik esan didate, gizartearen gainbeheraren errudun ere jo naute, mehatxuak jaso ditut eta orokorrean asko dira gorroto nautenak”. Halako mezuek proiektua zenbateraino den beharrezkoa baino ez dute azpimarratzen, argazkilariaren hitzetan. Dena den, erreakzio gehienak babes mezuak direla dio, eta hainbatek aipatu du gustura hartu izango zukeela halako ekimenen bat txikia zenean, hain bakarrik ez sentitzeko.

Informazio gehiago, proiektuaren webgunean.

Gaiari lotuta:

- Gona eramateagatik eskolako psikologoan bukatu du Mikelek 

- Semeak soinekoak janzten ditu eta ongi iruditzen zait  

- Aitor kantinera aterako da eskolako Alardean