Bi mutil kantinera atera dira aurten, Donostiako haurren danborradan. Aitzindari izan dira, lehen aldia baita mutilak kantinera gisa ikusi dituguna, jaietan ere hain zurrun erreproduzitzen diren genero rolak apurtuz eta maskulinitate tradizionala desafiatuz.
Jakintza ikastola publikoko ikasleak dira biak. Urtero moduan, kantinera ateratzeko proposamen irekia egin zitzaien lehenengo mailako haur guztiei, eta aurten lehenengo aldiz bi mutilek kantinera ateratzeko eman zuten izena.
Beharbada, kantinera ateratzeko gogorik ere izango zuen aurreko urteetan mutilen batek, baina agian muga mental eta sozialak handiegiak ziren, edo irainen beldur ziren, lagun eta senideek pentsatuko zutenaren beldur… Orain, beharbada, hurrengo danborradetan gogorik duen mutilik bada, atea apur bat irekiago aurkituko du, aurtengo bi aitzindariei esker.
Irunen ere, Aitor kantinera
Duela hiru urte kontatu genuen: Aitorrek 13 urte zituen eta bullying homofobikoa jasana zuen ikastetxean, baina iseken jomuga izan zitekeela jakin arren, Irungo jaien aurretik ikasleek eskolan egiten duten Alardean kantinera izatea hautatu zuen.
Beharbada, batek daki, helduen alarde, desfile eta antzekoetan ere gizon kantinera bat ikusiko dugu noizbait.