Baztango herrietako festetan Mutil-dantza parekideak egitea “mugarri garrantzitsu bat gainditzea” dela adierazi du Plazara Dantzara taldeak. Hala ere, azpimarratu du dena ez dagoela “irabazita” eta oraindik “bide luzea” dutela egiteko.
Lehen aldiz lortu dute aurten Baztanen Mutil-dantza “baztertzailerik” ez egitea. Plazara Dantzara taldeak egindako prentsaurrekoan jakitera eman duenez, “mugarri garrantzitsua” gainditu dute aurtengo herrietako festetan . Taldeko kideek, hala ere, “baztertzaileak desagertu ez direla” adierazi dute, eta aldaketarako “bide luzea” dutela oraindik.
“Bazterketa ez da amaitu beraiek egindako hausnarketa baten ondorioz, baizik eta antolakuntza eta borrokaren bidez beren harrokeriak eta ideia misoginoek zilegitasuna galdu dutelako”, adierazi du taldeak. Halaber, urteetan Mutil-dantzekin gertatutako “eraso, mespretxu eta bidegabekeriak” salatu ditu: “Hainbat eraso gertatu dira herritar askoren begirada eta isiltasun konplizearekin”.
Bestalde, taldeak eskerrak eman dizkio “dantza parekideak” lortzeko borrokan “hain eraginkorra izan den" Euskal Herriko sare feministari.
Denon ardura
Ardura beharrezkoa dela azpimarratu dute taldekideek: “Mutil-dantza baztandar guztien ondare kulturala den heinean, gure herrietako plazetan eta dantza eskoletan merezi duen tokia eman behar zaio. Lan honek ez du emakumeen eta mugimendu feministaren ardura bakarrik izan behar, denen ardura da”.
Baztandar guztiei dei eginda amaitu dute prentsaurrekoa: “Sendatzeko bidea, beraz, Mutil-dantzaren ospea eta balioaren berreskuratzearekin etorriko da. Hortaz, baztandar guztiak animatzen ditugu Baztanek behar duen sendatze prozesu hau elkarrekin abiatzera. Gora Mutil-dantzak, gora borroka feminista!”