argia.eus
INPRIMATU
Musulmanen kontrako indarkeria areagotu du koronabirusaren krisiak Indian
  • Musulmanak Indian koronabirusa zabaldu nahian ari direla diote zenbait nazionalista hinduk; “korona yihada” egitea egozten diete. Pandemiaren aurretik ere Delhiko zenbait auzotan musulmanen aurkako zenbait eraso egin zituzten hinduek; koronabirusaren krisiak areagotu egin ditu eraso horiek.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 16a
Delhiko istiluak. Argazkia: Hurriyet Daily News.

Delhiko ipar mendebaldeko auzoak, musulman komunitate handiena batzen dutenak, arriskutsu bilakatu dira bertakoentzat. Indiako gobernu hinduistak onartutako Herritartasun Akta izan zen lehen iskanbilen sortzailea, eta koronabirusaren hedapenak jarraipena eman die gatazka horiei. Indarkeria soilik ez, boikot orokortua deitu dute hinduek, musulmanen dendetara ez joateko eskatuz.

Koronabirusaren krisiarekin, ospitaleak pazienteak segregatzen ari dira, herrialdearen historian sekula ikusi gabeko neurria

Hiru aste daramatza konfinatuta azpikontinente asiarrak, ia 13.000 kasu eta 432 heriotzarekin. Herrialdeko kasuen %30a gutxiengo musulman bati lotua dagoela baieztatu dute adituek, eta horri Indiako Osasun ministerioak egindako adierazpen batzuk batu zaizkio. Seminario islamiko bati leporatu dio izurritearen hedapena, eta “korona yihad” terminoa berak erabili zuen lehenengo.

 Konspirazio bat dagoela diote Narendra Modi lehen ministroaren jarraitzaileak diren nazionalista hinduek; herrialdeko musulmanak koronabirusa hedatzeko ahaleginetan daudela baieztatzen dute. Munduan biztanle gehien dituen bigarren herrialdea da, horietatik 200 milioi musulmanak dira, gutxiengo bat herrialdeko kopuruari dagokionez.

Segregazioa eta sekularizazioa gobernutik

Modi boterera heldu zenetik garai gogorrak izan dira Indiako kultura aniztasunarentzat. Lehenengo, Indian gehiengo musulmana duen lurralde bakarrari, Katxemirako estatuari, autonomia kendu zion. Musulmanak ezik beste edozein erlijio nagusitako pertsonei errefuxiatu estatusa onartuko ziotela adierazi zuen gero, Herritartasun Aktaren bidez.

Koronabirusaren krisiarekin, ospitaleak pazienteak segregatzen ari direla salatu du zenbaitek. Neurri hori gobernuaren erabakiz ezarri dutela baieztatu dute ospitaleetako agintariek, herrialdearen historian sekula ikusi gabeko neurria.

 

 

Gobernuaren diskriminazioaren aurkako protesta. Argazkia: India Today.