Osasun zentroetan eta zentro soziosanitarioetan egin nahi du derrigorrezko. Astelehen goizean batzartuko dira erkidegoetako osasun agintariak, ministerioaren erabakia planteatzeko. Legez, erkidego bakoitzak du azken hitza.
Ezohiko eta presazko bilkura deitu du Espainiako Osasun Ministerioak astelehen goiz honetarako, azken asteotan ospitale eta osasun zentroak gainezka daudelako arnas aparatuko gaixotasunek eraginda. Erabakia era bateratuan hartzea da Osasun Ministerioaren asmoa. Izan ere, dagoeneko, autonomia erkidego batzuk euren kabuz hartu dituzte neurriak, eta ministerioa ados agertu denez, horiek orokortzeko asmoa du Mónica García ministroak.
Esaterako, Valentzian, aurreko astetik derrigorrezkoa da maskara erabiltzea osasun zentroetan eta eremu soziosanitarioetan, hala nola farmazietan eta adinekoen egoitzetan. Aragoik neurri horixe bera jarri du indarrean gaurtik aurrera. Katalunian, bestalde, neurria osasun zentroetara mugatu da, baita Murtzian ere. Aldiz, maskarak derrigortasunean itzultzearen aurka mintzatu dira Madrilgo eta Balearretako gobernuak.
Hego Euskal Herrian, gomendioa soilik
Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua sintomen aurrean "prekauzioz" jokatzearen alde mintzatu dira orain artean. Gomendio gisa, alegia, sintomen kasuan maskara jartzeko. Jaurlaritzak joan den asteburuan defendatu du autonomia erkidegoen erabakimen gaitasuna, eta nahiz eta Osasun Ministerioak aholkatu maskarak derrigortzea, berak ez aplikatzeko asmoa adierazi du. Nafarroako Osasun kontseilari Fernando Domínguezek, bestalde, esan du prest legokeela neurria aplikatzeko, baldin eta gaia sakon aztertzen bada.
Miren Basaras, mikrobiologoa: "Kasuak areagotuko dira aste honetatik aurrera"
Joan den ostiralean, Radio Vitoriari eginiko adierazpenetan, Basarasek adierazi zuen kasuak igotzea espero duela behin lanerako eta eskolarako buelta orokortua izaten denean, hau da, gaurtik aurrera. Horrez gain, txertoen efizientzia azpimarratu zuen.