argia.eus
INPRIMATU
Musukoari eutsi

Karlos Aretxabaleta 2020ko irailaren 07a

Argi dago 2020-2021 ikasturtea ez dela ohikoa izango. Urrun dago 1982ko ikasturte beltz hura, non unibertsitateak eta bigarren hezkuntzako zentro ugari giltzarrapoz itxita egon ziren ikasle greben ondorioz. Orain 40 urte ikasleek euren lekua, ahotsa, aldarrikatu zuten; egun, ordea, ekialdeko haizeak “ekarritako” birusa dugu protagonista, protagonismoa erreibindikatu nahian. Ez dut uste déjà vu baten aurrean gaudenik, baina aurtengo ikasturtea ere ikasle greba batekin hasiko da irailaren 15ean.

Historiak erakutsi digu ohiko gobernuek hartutako aldebakarreko erabakiek ez dutela arrakasta handirik izaten; egungoa ez da salbuespena izango. Horregatik, bada, ikasleen zein hezitzaileon haserrea inoiz baino justifikatuago dagoela esango nuke. Orain gutxi entzun nuen protokoloen atzerapenak pisuzko arrazoia zukeela, alegia, pandemiaren bilakaera zehaztasunez ezagutzea funtsezkoa zela segurtasun irizpideak jorratzeko. Hala al da? Ez al zekiten arduradunek sasikume honek -eta gizarteak oro har- bazekiena? Senperrenak pasako genituela, alegia. Irailak lau, ikasturtearen martxa ezbaian, eta ikasleen itzulera masiboa mahai gainean.

"Protokoloak berandu baino beranduago heldu dira zuzendaritza taldeetara, gerora, ikastetxeen esku uzteko eskola-komunitatearen osasuna bermatzeko ardura"

Sindikatuek, edo, hobeto esanda, irakasleek, zuzendariek, hezitzaileek ez al zuten zer esanik afera latz honen inguruan? Protokoloak berandu baino beranduago heldu dira zuzendaritza taldeetara, gerora, ikastetxeen esku uzteko eskola-komunitatearen osasuna bermatzeko ardura. Izan ere, COVID-19 arduradun kargua sortu da azaro eta abenduan birusak darabiltzan zirrikitu eta arrakalak zigilatzeko. “Goikoak” konturatzen al dira zeregin horrek dakarren erantzukizunaz? Bestalde, gure ikasleak eta euren gurasoak milaka kezkekin datozkigunean zer esango diegu? Bada, eutsi musukoari.

Gauzak horrela, bestelako ziorik gabe, umore puntua jarri nahiko nuke azken lerroetan, eta ni baino askoz “adituagoak” diren arduradunekin hurrengo problema matematikoa elkarbanatu:

Institutu batek 750 litro gel hidroalkoholiko erosi du ikasturteari aurre egiteko; 1,25 euroan litroa. Aldi berean, 500 xaboi erosi ditu, ikasleek “Dominus tecum” egin ostean eskuak behar bezala garbitzeko; unitatea 2 euroan. Azkenik, zuzendaritza taldeak 0,5 euro balio duten 1.000 maskara eskatu ditu; badaezpada, ikasleek bidetik galduko dituztelakoan. COVID-19aren aurkako kontingentzia planean jasota datozen produktu hauek ordaindu ostean, oraindik 10.000 euroko aurrekontua geratzen zaio zentroari. Gauzak horrela, zenbat diru zeukan institutuak erosketak egin aurretik?