argia.eus
INPRIMATU
Musukoaren atzean ezkutaturik
  • Gero eta eremu gehiagotan musukoa kentzeko aukera ematen ari zaizkigunean, fenomeno esanguratsua atzeman dute hainbat nerabe eta gazterengan: ez dute musukoa kendu nahi, norbere konplexuak, segurtasun-gabeziak eta autoestimu baxua ezkutatzeko aproposa baita maskara, kanon idealizatuen garaiotan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko martxoaren 08a
“Musukoa kentzeak lotsa ematen dit” dio neska honek TV3n.

Ustezko perfekzioa erakusten duten sare sozialen burrunba etengabeak, bereziki emakumeek eta emakumeen gorputzek jasaten duten presio estetiko itzelak, musukoa jantzita eta begiak bakarrik ikusita aurpegiak idealizatzeko dugun joerak, isolamendu aldiek… areagotu baino ez dute egin nerabezaroaren bueltan ohiko izan daitezkeen konplexu eta lotsak. Askori, gainera, aldaketa fisikoen eta aknearen sasoian egokitu zaie pandemia, musukoaren atzean babestuta.

Pandemia garaian gorputzaren autoirudiarekiko presioa gehiago handitu da neskengan, eta haur eta gazteek oso ukituta dituzte autoestimua eta autopertzezpzioa. Hala kontatu genuen Argian.

Koronabirusak utzi duen arrasto psikologiko eta emozionalaren parte ere badira lotsa eta beldur hauek guztiak, eta ez da makala gazte hauekin egin beharreko lana, euren buruarengan konfiantza berreskuratu dezaten.