argia.eus
INPRIMATU
Azpikontratatuta ari zen langile bat hil da Petronorren Muskizko plantan
  • Muskizko Petronorren findegiak azpikontratatutako Masa Norte S.A. enpresako langile bat hil da bihotzekoak emanda. LAB sindikatuaren arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuz hiltzen den 34. behargina da. Langileek egun bateko lanuztea egingo dute dolu gisa.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 29a
Muskizko Petronorren findegiaren ikuspegia

Autopsiaren emaitzaren zain, enpresako zuzendaritzak “berezko heriotza” dela esan du, langilea ondoezik sentitu eta lurrera erori zela. Lantegiko osasun zerbitzuek arreta eman diote lehenik eta Osakidetzako anbulantzia batek hartu du berehala, baina ez dute suspertzea lortu eta enpresan bertan hil da.

Heriotzaren aurrean premiazko bilera egin dute Petronorreko enpresa batzordeek eta egun bateko lanuztea egingo da, zenduaren sendiari elkartasuna eta dolua adierazteko.

Petronor "hobekuntza lanak" egiteko geldialdian

Muskizen duen findegian 42 egun iraungo duen geldialdia abiatu zuen urriaren hasieran Petronorrek,  "hobekuntza lanak" egiteko, Urko Apaolaza ARGIAko kazetariak  bere blogean jaso bezala.

Bertako langileek “segurtasun estandarrekin zerikusi gutxi duten ordutegiak” egin beharko dituztela salatu dute.

"Hobekuntza lanak" egiten ari diren bitartean, 2.300 langile ari dira beharrean; enpresako 1.500 langileak eta etenaldirako propio azpikontratatutako beste 800.

Trabajadores por la Unidad (TU) sindikatuko kideak segurtasunaz kezkatuta agertu dira, aparteko ordu gehiegi sartzen dituztelako. Horrez gain, lan-istripuak ekiditeko gutxieneko segurtasun neurriak ez direla betetzen jakinarazi zuten Enpresa Batzordearen izenean kaleratu zuten oharrean.