argia.eus
INPRIMATU
Musikari berriak ezagutarazteko asmoa duen Oskola web telebista saioa ostegun honetan estreinatuko da
  • Ostegun honetan 19:30ean estreinatuko da Oskola, euskarazko musika-saio berria. Talde berriak ikusaraztea du helburu proiektuak, programa bakoitzean musika-talde edo bakarlari berri bati protagonismoa emanez.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2020ko azaroaren 19a
Irune Goñi bakarlaria izango da Oskola saioaren lehen protagonistetako bat.

Prestaketa-lan neketsuen ondoren, iritsi da estreinaldi eguna Oskola web telebista saioarentzat. 19:30etatik aurrera Youtubeko lotura honetan ikusi ahal izango da musikari berriak ezagutarazteko espazioa izan nahi duen programa honen lehenbiziko kapitulua. Beitia bakarlari gasteiztarra izango da saioko lehen gonbidatua eta programak bi zati nagusi izango ditu: artistari Urko Sáenz de Buruaga kazetariak egingo dion elkarrizketa lehenik eta zuzeneko emanaldia ondoren, hiru kantaz osatua.

Euskarri digitalaren abantaila guztiak baliatu nahi dituzte saio honetan, horregatik, programa zuzenean emititu bitartean ikusleek iruzkinak egin ahal izango dituzte, hartara elkarrizketa dinamiko eta parte-hartzaileagoa sortzeko. Beste hiru saio ere prest dauzka Oskolak, zeintzuetan Irune Goñi bakarlaria, Ziakhus raperoa eta Red Iron Squad rock taldea izango diren protagonista.

Red Iron Squad taldeko kideak Urko Sáenz de Buruaga kazetariarekin hizketan Oskola saioan.

Mundura azaltzea

“Oskola mundura azaltzeko itxaroten ari den izakia eta aukerez beteriko mundu horren arteko hesia da”, azaldu dute programaren sustatzaileek. “Bizitzarako lehen urratsa oskol hori apurtzea da. Geure burua ezagutzera emateko lehen urratsa ere ezkutatzen gaituen oskola apurtzea da”. Horixe da programaren izenak adierazi nahi duena: musikaren munduan toki bila ari direnei oskola apurtzen laguntzeko sortu da.

2019an grabatu ziren programaren lehen saioak, Gasteizko Udalaren eta Arabako Aldundiaren Gazte Sortzaileak bekaren laguntzaz. Saioaren bultzatzaileek azaldu dutenez, lehenbiziko lau atalek jendearen interesa piztea lortuz gero, saio berriak egitea da asmoa.