Azken gurutzada, azken gozamena, azken hatsa… Zinez oparoa da azkenari eskainiriko euskal musikaren errepertorioa. Azkenak, gainera, balio erantsia hartu ohi du aurreikusi ezin denean, nahiz eta taldeek gero eta neurtuago izan noiz eta nola esan agur.
Berriki, Huntza-k azken kontzertua eskaini du Bilboko Miribillan, 2023ko otsailean iragarri zuten arren. En Tol Sarmiento-ri dagokionez, iazko abenduan jakinarazi zituzten 20. urteurreneko ikuskizunen datak; arabarrek historikotzat jo dituzten egunak. Historikoa, dena den, itxaronaldia izango da, 2025eko martxoan joko baitu ETS-k Barakaldoko BEC-en.
Inondik inora, ez da aurrez aipaturiko taldeenganako kritika, baizik eta egungo joera ulertzeko ahalegina, Jon Urzelaik Su festak saiakeran egin duen gisan. Edukiak baino edukiontziak lehenesten dituen paradigman bizi garela dio Urzelaik bere liburuan. Ezin da hobeki laburbildu oraingo jokamoldea. Etengabeko amaieraren atarian biziarazten gaitu egungo komunikazio sistemak, itotzear bageunde bezala. Eta, nora garamatza joera horrek? Funtsean, modu bulimikoan kontsumitzera. Formulak, antza, funtzionatzen du: albait plazarik handiena hautatu, sekulako aurrerapenarekin iragarpena egin, sarrerak arrapaladan saldu eta agortu, arrakasta irudia proiektatu, hurrengo funtziorako beste ekitaldi bat eskaini, sold out afixa eskegi... bla, bla, bla. Ezagutzen duzu istorioa, ez da gaur goizeko kontua. Hertzainak-ek, esaterako, hirutan simulatu zuen agurra, ETS-k egingo duen antzera.
Agur-kontzertuetako jende erauntsiak ikusirik, ez dakit norainokoa den musikarekiko edo musikarienganako ikusmina, ez dakit musika bera komunikazio eta kontsumo estrategien atzaparretan erori ote den
Su festak liburutik tiraka, hasiera bati ekin dion Gorka Urbizuren Okeyish analisi aratz, kirurgikoarekin egin dut topo Jakin aldizkarian. Musikatik bizitzearen bide malkartsua du gidalerro testuak, eta Doctor Deseoko Francisen hitzak dakartza gogora Lekunberriko musikariak: “Musikatik bizitzea erraza da; baldintza bakarra dago: musikaria ez izatea”. Eszena ez bada lehen zena, noren mesedetan ari da mugitzen?
Era berean, edukiez mintzo bagara, galdetu beharko zaie musikariei zer datorren txalo zaparradak isiltzen direnean. Hitz egin beharko da euskal sortzaileen zaurgarritasunaz, edota Durangoko oasiaz haragoko salmenten lehorteaz. AHAZTEZINA!, GOGOANGARRIA!, HISTORIKOA! irakurtzen dudan bakoitzean, epikak erretako errepikapenak ikusten ditut nik, ez besterik. Eta agur-kontzertuetako jende erauntsiak ikusirik, ez dakit norainokoa den musikarekiko edo musikarienganako ikusmina, ez dakit musika bera komunikazio eta kontsumo estrategien atzaparretan erori ote den, salgai huts bilakatzeraino. Ezpalak-ek abesten duen lez, beste batzuen arauez jantzi gara, tamalez/ gurpil honetan gaude, guk hala nahi edo ez. Horixe da argi dudan bakarra.
Baina, tira, gainerakoan, dena ondo, e! Betiko martxan. Batetik, badakizue; eta, bestetik, zer esatea nahi duzue? Athletic Errege Kopako finalean izanik, Sevillako finalerako erreserbak egiten hasiak izango zarete, ezta? Ez utzi azken egunera arte.
Aritz Peñagarikano Irazusta