Ekainaren 24an kontzertua eskainiko du Bilboko Bandak, Aiko euskal dantza taldearekin batera. Debeku bat dela medio, lehen aldia da historian Bilboko Bandak erromeria joko duena. Bertako zuzendari artistikoa den Jose Rafael Pascual Vilaplanari elkarrizketa egin dio banda bereko musikari Judith Monterok.
Hurrengo asteko astekarian argitaratuko dugu elkarrizketa osatua. Hau aurrerapentxo bat duzu.
Ekainaren 24an, 19:30ean, Bilboko Azkuna Zentroan kontzertua egingo dugu Aiko euskal dantza taldearekin batera. BANDtzaldia izena eman diote eta Bilboko Bandak erromeria bat joko duen lehen aldia da bere historian…
1867 inguruan sortu zen Bilboko Banda eta 1883an alkateak bando bidez, guztiz debekatu zuen Areatzan dantza egitea. Bandari pixkanaka errepertorio dantzagarri guztia kendu zitzaion. Musika gorputz osoarekin bizitzeko aukera berreskuratuko dute herritarrek oraingoan.
Badira zuzendariak diotenak nahiko direla 6 hitz orkestra bat ederki zuzentzeko; azkarrago/ mantsoago, ozenago/ isilago, luzeago/ motzago. Baina zure kasuan, obraren inguruaz hitz egiten diguzu, bere barne egituraz, konposagileen trikimailu eta barne josturak erakusten dizkiguzu. Kontzertua aurrera ateratzea baino urrunago doan lan intelektuala nabarmena da.
Bai, guztiz. Ezagutzen dut Zuzendaritza eskola hori eta eztabaidatu dut honi buruz nire modua gustatzen ez zaien lankideekin. Errespetatzen dut: sei hitz erabiltzen dituzten zuzendariak badaude…eta are gehiago; sei hitz bakarrik erabiltzea gustatzen zaien musikariak ere badaude. Baina nik Santo Tomasek bezala, oker nabilela ikusten dudanean aldatuko dut jarrera. Eta nire esperientziak hala erakutsi dit: musikariak obraren heltze prozesuan parte sentiarazi eta nire ideia zein den helarazten diedanean, taldea hobetzen doa eta denborarekin gero eta sendoagoa bilakatzen. Niretzat oinarri-oinarrizkoa den ideia bat dago: zuzendariak ez ditu aginduak eman behar, norbanakoz osaturiko taldea komentzitu egin behar du. Eta horretarako azalpen bat eman behar badiot taldeari, ba eman egiten diot. Eskaera tekniko bat azalpen lojiko batekin joateak lan ildo bat sortzen du eta denborarekin askoz eraginkorragoa da lan egiteko modu hau. Kontua ez da ni azkarragoa naizela, nik geihago dakidala, ni… kontua da konklusio horretara iristeko lan asko egitea aurretik, hausnarketa sakon bat. Honek ematen dio sendotasuna nire lanari.
Eta horrek autoritate bat ematen dizu. Halako talde handietan… autoritarismoaz baliatzen direnak badaude.
XX. mendean zuzendariaren figuraren garapenak elkarrizketa luze baterako ematen du! Autoritatearekin gertatzen dena da zuzendariei autoritatea aldez aurretik suposatzen zitzaiela eta nik ez dut uste horrela denik. Autoritatea zeure lana ongi eginez irabazi egin behar duzu, ez doa zuzendari paperari atxikita nahitaez.
Esan zenigun entsegu batean zuzendariaren ekuazioa dela: prestaketa denbora - egin beharreko lana - sakonera maila. Kontzertua prestatzeko denboraren arabera obra kapatan bezala lantzen da. Orokorrenetik sutilenera.
Zuzendari on batek egiten duen lehenengo gauza partitura ondo ikasi eta konposagilearen pentsamendura gerturatzea da. Baina gerturaketa horretan zuzendari bakoitzaren galbahea dago. Hori dela eta, obra berbera ezberdin entzungo da nik zuzendu ala beste batek zuzendu. Ez du esan nahi hobeto ala okerrago. Baina musikak giza izaera hori du. Musika gizakiek egiten dugu. Musika deshumanizatzeak ez du zentzurik. Artea gizakiek egiten dugu. Ezin dut beste era batera ulertu. Horregatik ez ditut pertsona eta artista banatzen. Eta zer egin dezaket nik taldeak hori guztia ulertzeko? Nola lagundu? Norberak bere xehetasuna ikusten baitu, bere zuhaitza. Nik basoa ikusarazi behar dut. Horretarako helmuga garbi izateaz gain, nire ideia nola helarazi aztertu beharko dut. Ez baititu baliabide berak eskola bateko banda batek, banda amateur batek edo profesional batek.
Askotan galdegin diot neure buruari zergatik eskatzen ote zaion musikari beti “polita” izatea. Ez da gauza bera gertatzen pelikula batekin, izan daiteke interesgarria, gogorra, desatsegina… zergatik eskatu musikari “polita” izatea?
Zerbaitek zuregan eragina izateko ez du polita izan beharrik ezinbestean. Arteak elikatu eta eragin egiten du. Eta ez bada horrela, artea oharkabean pasatzen da. Badago liburu interesgarri bat, Herman Schercher-en Orkestra zuzendaritzaren artea. Bertan dio orkestra zuzendaria beirazko prisma bat bezalakoa dela. Argi bat ematen diozu; partitura. Prismatik pasa ostean islada sortzen du. Zuzendariak argiaren islada interesgarri bat sortzeko nahiko dentsitate behar du izan. Dentsitate graduatzaile bat, zuzendari batzuk hain dentsoak baitira, ez dutela argia pasatzen uzten eta orduan euren lana zein den ez dutela ulertu iruditzen zait. Baina beste batzuk hain dentsitate gutxi dute, argia batere aldaketarik gabe pasatzen dela eurengandik. Prismaren adibidea banda profesional batek egiten duen lana ulertzeko zoragarria iruditzen zait. Nik argi bat dut, nire tradizioa, nire errepertorioa, gauzak egiteko modua… guztia nire galbahetik pasa behar dut lan on bat emateko. Dentsitaterik ezean oharkabean pasako da gure lana, ez du ezertarako balio. Partiturak pospoloekin erre egiten diren paper zatiak besterik ez dira. Baina argia ez pasatzen uzteko bezain opakoak bagara, ez dugu ezer transmitituko, guztiz preszindibleak ginateke. Oreka hori bilatzea interesgarria da.
Maite duzu idaztea, zure webean hainbat artikulu jarrita dituzu, katalanez ia guztiak.
Idazteak egindakoari buruz hausnartzeko aukera ematen dit. Denbora asko igarotzen dut bidaietan, aireportuetan, hoteletan, etxekoengandik urrun… denbora gutxian hain musika lan ezberdinak zuzendu, hainbeste entsegu ordu, hainbeste izaera ezberdin ditut aurrean, hainbeste entzule ezberdin, hain akustika ezberdinak… egiten dudanaren perspektiba gal arazten didate eta idazketaren bidez aurkitzen saiatzen naiz.
Eta zerk elikatzen zaitu erritmo horretan bizi eta egunero entseguetara halako ilusio eta irribarrearekin etortzeko?
Nire lana ondoen egiten saiaten naiz eta banda edo orkestra baten aurrean baldin banago, nekea, kezka, ajeak… nabaritu ez daitezen saiatzen naiz. Uste dut nire lanaren parte dela.
Autoexijentziak elikatzen nau alde batetik eta bestetik nire etxeak, inguruak, hau guztia erlatibizatzen laguntzen dit. Nire familia oso garrantzitsua da niretzako; emaztea, seme-alabak, anaiak, gurasoak, aitaginarreba, amaginarreba, koinatuek… Asko laguntzen didate. Oinarri bat dira niretzako.
Izan ere, askotan agertzen dira etxekoak zure idatzietan….
Egunen batean musika mundua utzi behar banu, bizileku bat badudala sentitzen dut eta badakit zein izango nukeen alboan ere… ez da beldur kontu bat, konfidantza ematen didan zerbait baizik. Honek musika mundua erlatibizatzeko aukera ematen dit. Aurten, ez da erraza izaten ari bizitza pertsonala eta lana uztartzeko. Haur txikiak dauzkat eta gauza ugari enkajatu behar ditut. Etxean nagoenean isolatu egiten naiz bertan eta batzuetan telefonoak jotzen du baina ez dut hartzen. Guztia zehazki antolatu eta burubelarri betetzen dut gero. Baina haurrak bainatzen banago, eskolako lanetan laguntzen edo afaria ematen, ez dago telefonorik momentu horietan! Egunero ez nagoenez, ezinbestekoa da hori niretzat. Ez dut hori galdu nahi. Honek elikatu egiten nau eta oso garbi dut hori. Momentu horiek altxor bat dira niretzat.
Niregan eragin handia izan duen persona bat dago, Carlos Palacio musikaria eta honek zion: “kontzientzia bakar bat besterik ez dut; Eta gizonak zein konposagileak bat egiten dute bertan” Gizakia eta musikaria, biak ditut nire baitan. Eta ezin dira disoziatu.
Ez badakit nor naizen, nor, nola, nori, zer zuzendu behar dut? Ezagutzen dut musika munduan urrun iritsi den jendea eta gero bizitza pertsonalean oso gaizki dabiltzanak…bbeharbada bizitza profesionaletik zerbait utzi behar duzu bizitza pertsonala baloratzen baduzu… Edo ez. Norberak bere aukera. Nik errespetatzen dut. Baina ezin da guztia eduki.