argia.eus
INPRIMATU
Musika eta elkartasuna

Uxue Gutierrez Lorenzo 2024ko ekainaren 27a
Auxili taldea / Ekainaren 14an / Bilboko Kafe Antzokian.

Aretoetako kontzertuen afixek elementu komun bat izan ohi dute: bi (edo hiru) talde programatzen dira gau berean, baina bi taldeei ez zaie estatus berbera aitortzen. Hierarkia bat dago. Lehenago jotzen duena, gaztelaniaz telonero delakoa, kontzertu nagusiaren aurrekaria izaten da, ezezagunagoa edo xumeagoa delako. Bigarren jotzeko aukera duen taldea da talde nagusia, gaueko izarra. Talde nagusiak mugitzen du publikoa, eta hura ikusi nahian erosi ohi dute ikusleek sarrera.

Arauak markatzen duenaren aurka heldu naiz ni gaurko kontzertura. Programatutako bi emanaldien artean, lehenago arituko den artista da niretzat ezaguna: Elena Caballero rap abeslaria, La Basu izenez ezaguna. Bilboaldekoa (Etxebarrikoa zehazki), emakumea eta rap musikan aitzindaria. Inguru erdaldunean hazi den arren, hamarkadak daramatza Elena Caballerok rapa euskaraz sortzen. La Basurekin batera, beste talde bat ariko dela dio afixak: Auxili. Bilaketa azkarra egin dut Interneten: 2005ean jaio zen talde valentziarra, lau disko kaleratu dituzte eta reggae musika dute oinarri. Ska eta rap doinuekin uztartzen dute reggae musika eta mezu politiko sozialak dira nagusi beraien kantuetan.

Auxiliren zenbait abesti entzun ondoren eta La Basurekin berriz topatzeko gogoz heldu naiz Kafe Antzokira. Kontzertua hasteko bost minuturen faltan sartu naiz aretora. Oso ikusle gutxi daudela ezin ukatu, baina ziur naiz La Basuren energiak eta bibra onak ikusle bakanak dantzan jarriko dituela. Bilakaera polita izan du kontzertuak, eta ahalegin betean aritu da musikaria: raparen eta reggaeren tokia aldarrikatu du artistak, emakumeek oholtza gainean zein azpian tokia hartzera gonbidatu ditu eta euskarazko sorkuntzan berretsi da. Bukatzeko, La Basuk goxo aurkeztu ditu lagun eta bidelagun dituen Auxili taldeko kideak.

Hasieratik argi utzi dute valentziarrek etxean bezala sentitzen direla Euskal Herrian. Hori izan da hein batean kontzertuak iraun duen ordu eta erdia ardaztu duen ildoa. Goxotasuna, energia positiboa eta Sirokak zioen ‘elkartasuna da herrien arteko xamurtasuna’ transmititu dute musikariek. Reggae, ska eta doinu dantzagarriz astindu dute antzokia, eta pogo dantzaldi politak sortu dira bukaeran. Giro osasuntsua arnastu daiteke. Bi taldeak izan dira gai espazio seguru hori sortzeko.  Valentzia eta Euskal Herria gertu egon dira gaur, gertu rapa eta reggae musika eta gertu kantuetako teoria eta zuzenekoen praktika. Gora musika, herrien eta artisten arteko elkartasuna eta jai giro osasuntsua!

La Basu Bilboko Kafe Antzokian. Argazkia: Uxue Gutierrez.