argia.eus
INPRIMATU
Museoak kalean
  • Jendea etxean itxita egon den bezala, museoetako altxorrak ere itxialdian egon dira luzaroan, Covid-19ak eragindako osasun larrialdiagatik. Bisitaririk gabe, ilunpean, erabateko isiltasunean pasatu dituzte hainbat aste. Horregatik, gogo handiz ireki dituzte museoek beren ateak, barruan gordetzen dituzten objektuak berriro erakusteko asmoz.

Dabi Piedra 2020ko ekainaren 19a
Argazkia: Dabi Piedra

Bizkaiko museoak ez dira bisitarien zain gelditu, eta kalera irten dira, beren bildumetako pieza esanguratsuenen berri ematera. Bilboko Uribitarte pasealekuan panel handi-handiak jarri dituzte, argazkien bidez museo bakoitzeko pieza bat erakutsi eta haren inguruko bitxikeriak kontatzeko. Museo ezagunek egin dute bat Uribitarteko erakusketarekin, baina benetako deskubrimendua museo txikietan gordeta dauden bitxikeriak dira.

Azken batean, Bizkaiko herriak bisitatzeko aitzakia polita dira museoak. Eskualde guztietan dago non aukeratua, normalean inguruko historiari eta ohiturei buruzko museoak izaten dira, txikiak bezain txukunak.

Adibidez, Bakioko Txakolinaren museoan, Txakolindegia delakoan, Bakiok edari horrekin XIV. mendetik izan duen harreman estuaren berri jasoko dugu. Itsasoaren hurbiltasunari eta lursail aproposei esker, txakolina egiteko mahasti bikainak daude herriaren inguruan. Eraikin moderno eta dotore batean dago Txakolingunea, ikus-entzunezkoen eta bisitaldi gidatuen bidez bisitariei txakolinaren produkzioaren sekretu guztiak (edo gehienak) kontatzeko prest.

Museoko pieza kutuna Luzarraga baserriko dolare zaharra da. Uribitarteko erakusketan Txakolingunearen ordezkaria dira dolarearen argazkia eta haren funtzionamenduaren inguruko azalpenak. Bakioko baserri horretan txakolina egiteko erabiltzen zuten dolarea, harrizko tramankulu hori gai baita mahatsa xehe-xehe egin eta gerora ardo bihurtuko den likidoa ateratzeko, xurrutua izeneko hustubidetik. Beste baserri batzuetan sagardoa egiteko erabiltzen da dolarea.

Pieza galanta da dolarea, baina ez da Bizkaiko museoetako handiena. Bilbon jarritako paneletako batean kontatzen digutenez, Agurtza arrantza-ontzia ikus daiteke Santurtzin, baita barrura sartu ere. Luzaroan baxurako arrantzan ibili zen Lekeitioko ontzi hori eta, ondoren, Santurtzira, Itsasoa Interpretatzeko Zentrora, eraman zuten.

Dolarea eta Agurtza Bizkaiko museoetan ikus daitezkeen piezetako bi baino ez dira. Uribitarte pasealekuko paneletan argazki gehiago daude ikusgai, uztailaren 8ra arte. Bilbora hurreratu ezin duenak webgunean ere badu aukera. Hala ere, esperientziarik politena, dudarik gabe, museoetara joan eta piezak bertatik bertara ikustea da, osasuna babesteko neurriak gogoan izanda, noski.